21. Korrika

Txillardegiri, 'klika' egin zuelako

Euskaldundu zelako eta euskal literatura modernoaren aita izan zelako omendu du Korrikak Txillardegi; baina, batik bat, euskara batuaren aita izan zelako, ezinbesteko lan tresna AEKn.

2019ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Aldaketa egitea da klika egitea eta Korrikak, aurten, klika hainbat arlotan egin zuen pertsona bat omenduko du: Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi. Asier Amondo Korrikako koordinatzaileak horrela azaldu ditu Txillardegi omentzearen arrazoiak. «Batzarrak Txillardegi omentzea erabaki zuenean, hiru gauza nabarmendu genituen, bereziki. Batetik, Txillardegi erdaldunaTxillardegi euskaldun bihurtu zela; beraz, klika egin zuela euskararen alde. Bestetik, klika egin zuen, literatura egiteko modu berri eta moderno bat ekarri zigulako. Eta azkenik, eta guretzat, agian, garrantzitsuena: ezin dugu ahaztu Txillardegi euskara batuaren aitetako bat izan zela, nahiz eta horrek ez duen orain arte behar bezalako aitorpenik jaso».

AEKrentzat hori oso garrantzitsua dela nabarmendu du Amondok, euskara estandar hori baitute lanerako tresna nagusia. Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzaileak ere gauza bera nabarmendu zuen, joan den otsailaren 9an, Txillardegiren omenez Musikenen egindako ekitaldian. eta esker hitzak izan zituen harentzat. «Euskararen historian baldin badago gauza oinarrizko bat, hori da estandarra sortu izana: euskara batua».

Azaroan bete ziren 50 urte Arantzazuko Biltzarrean euskara batuaren sorrerako agiria izenpetu zutela, eta urteurren horrek eman zien aitzakia AEKri eta Korrikari Txillardegiri egiteko 21. Korrikako omenaldia. Baina omenaldia konpartitua ari da izaten; AEKren eta Korrikaren omenaldia izateaz gainera, Jakinen eta EHUrena ere bada. «Jakinek eta EHUk dagoeneko esku artean zeukaten liburua; eta guk erabaki genuenean Txillardegiri omenaldia egitea, Jakinekin jarri ginen harremanetan. Gero, Kote Camacho dokumentala egiten ari zela ere jakin genuen. Eta azkenean hori guztia batu da: omenaldi-ekitaldia, liburua, dokumentala... Eta, azkenean,oso modu txukunean ari da gelditzen Txillardegiren omenaldia. Merezitako omenaldia».

Bilduma

Merezitako omenaldi horren barruan daude, beraz, EHUk eta Jakinek abiarazitako Dabilen Pentsamendua bildumako lehen hiru aleak. Bilduma horrek azken 60 urteetan euskaraz sortutako pentsamendua «dibulgazio mailara ekartzea» du helburu. «Eta, nola ez, lehenak Txillardegi behar zuen izan», adierazi zuen bildumaren aurkezpenean Lorea Agirre Jakineko zuzendariak. Txillardegi. Testu hautatuak saileko lehen hiru aleak (Euskara batua, Nazio auzia eta Hizkuntzaren filosofia) Alaitz Aizpuru Joaristik egindako testu hautaketarekin osatu dituzte, eta beste hiru kaleratzea aurreikusten dute Jakinek eta EHUk.

Hiru aleon kontrazalean Txillardegi definitzen duten hainbat ezaugarri jasotzen dira: «XX. mendeko bigarren erdiko euskal intelektual garrantzitsuenetako bat; 56ko belaunaldiko kidea; euskara batuaren egile eta eragilea; euskal soziolinguistikaren aitzindaria; lehen euskal eleberri modernoaren egilea; ETA mugimenduaren sortzaileetako bat; politikari abertzale eta ezkertiarra».

Korrikak, omenaldia egiteko garaian Txillardegi bere osotasunean hartu du kontuan, baina, batik bat, arrazoi bati eutsi diote. Asier Amondoren arabera, «gorazarre egiteko hainbat arrazoi izanagatik ere, bereziki euskara batuaren aldeko lana aitortzeko eta eskertzeko» egiten zaio omenaldia. «Izan ere, Txillardegik jarri zituen Arantzazuko Biltzarraren 1968ko euskara batuaren sorrera agiritzat jotzen den txostenaren aurrekariak, 1964an egindako Baionako Bileran»,

Bildumarekin batera aurkeztu zuten, halaber, Txillardegi. Batasunaren pentsalaria biografia,Miren Rubio Iturriak idatzitakoa eta AEK, EHU eta Jakinen artean argitaratutakoa, hau ere Dabilen Pentsamendua bildumaren barruan.

Txillardegiren hiru buruko omenaldia osatzen duena, berriz, Txillardegiren Klika dokumentala da. Jakinek, EHUk eta AEK-k ekoitzia, eta Kote Camacho zinemagileak Eneko Dorronsororen laguntzarekin egindakoa. Musikeneko ekitaldian estreinatu zuten dokumentala, eta biharamunean eman zuten ETB1en. «Oso sakabanatuta» zegoen materiala bildu dute dokumentala egiteko; besteak beste, AEK-k berak, 14. Korrikaren harira, 2004an Txillardegiri egindako elkarrizketa bat. Txillardegi «umoretsu eta kritiko bat» erakusten du elkarrizketa horrek. Dokumentala Korrikaren webgunean ikus daiteke: www.korrika.eus.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.