Iranek protesten aurrean izan duen «erantzun bortitza» salatu du NBEk

Iran Human Rights gobernuz kanpoko erakundearen arabera, 76 lagun hil dira Mahsa Amini andrearen heriotzagatiko istiluetan

Sydneyn (Australia) Amini oroitzeko egindako protesta, iragan igandean. EFE.
ander perez zala
2022ko irailaren 28a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundea oso kritiko agertu da Iranekin, asteotan manifestazioei aurre egiteko izan duen moduagatik. «Kezka handia» duela azalduta, NBEk atzo esan zuen herrialde horretako segurtasun indarrek «erantzun bortitza» izan dutela andre baten heriotzagatik izandako protesten aurka.

OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariaren bozeramaile Ravina Shamdasani mintzatu zen NBEren izenean Irango manifestazioez, eta adierazi zuen islamiar errepublikan erabiltzen ari diren indarkeria «neurriz kanpokoa» eta «beharrik gabekoa» dela; agintari batzuen adierazpenetan ere jarri zuen arreta, protestariak kriminalizatzen ari direlakoan. Horregatik, Shamdasanik Irango Gobernuari eskatu zion «erabat errespetatzeko iritzi eta adierazpen askatasunak, eta asanblea baketsuetarako eta elkartzeko» eskubideak.

Iranen menpeko Kurdistango herritarrak etenik gabe ari dira protestan hilaren 16tik. Irango Moralaren Poliziak hilaren 13an atxilotu zuen Mahsa Amini 22 urteko gaztea, beloa «gaizki jarrita» eramateagatik. Poliziaren arabera, egun hartan bertan bihotzeko bat izan zuen Aminik, Teherango komisaria batean, eta hiru egun geroago hil zen, ospitalean, hiru egunez koman egon eta gero. Gurasoek argi utzi dute ez zegoela gaixo atxilotu aurretik, eta manifestariak horien alde agertu dira; batez ere Kurdistanen ari dira protestan, baina Irango toki askotara ere zabaldu dira manifestazioak.

Hala, asteotan gutxienez 76 lagun hil dira segurtasun indarrekin izandako istiluetan, IHR Iran Human Rights GKE gobernuz kanpoko erakundeak herenegun jakinarazi zuenez. Zaila izaten ari da egiazko kopurua zehaztea, besteak beste, hainbat familiari «mehatxu» egin dietelako «heriotzei buruzko informazioa» ez dietela emango, IHR-ren arabera.

Gainera, denera, 740 lagun inguru hartu dituzte atxilo, OHCHRk jakinarazi zuenez, baina, kasu horretan ere, litekeena da egiazko kopurua handiagoa izatea, gobernuak ez baitu azaldu segurtasun indarrek zenbat herritar atzeman dituzten. Afera horretaz ere kezka agertu zuen Shamdasanik, eta Teherani eskatu zion berma dezala «prozesu egoki baterako» eskubidea: «Modu arbitrarioan atxilo hartu dituztenen kasuan, horiek askatu beharra dago».

Ikerketaren zain

Irango presidente Ebrahim Raisik iragan astean esan zuen «irmotasunez» egingo dietela aurre manifestazioei, desberdintasun bat dagoelakoan «protesten eta bandalismoaren» artean; haren iritziz asteotakoak «bandalismoa» baitira. Raisik iragarri zuen ikerketa bat hasi dutela Aminiren heriotzaz, eta ikusteko dago horren ondorioek protestak amaiaraziko dituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.