Roger Mateos.
IRITZIA

Kataluniako independentismoaren paradoxa bikoitza

2021eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Kataluniako igandeko emaitzak digerituta bost goiburu telegrafiko: PSC garaile botoetan; ERCrekin berdinduta eserlekuetan (33); JxCk baino eserleku bat gehiago (32); gehiengo independentista osoa (135etik 74); eta CUPen (9) botoak, inbestidurarako funtsezko, garaia iritsi da bi paradoxa argitara ateratzeko, hauteskundeen ondorengo itunen fase honetan Kataluniako independentismoan azaleratuak bi-biak.

Lehena. Gobernu berean egon al daitezke berriro ERC eta JxC, duela urtebete elkarren batasuna hautsitzat jo ondoren eta ezin konta ahal liskar, zangotraba eta akusazioren bidez hautesleak lotsagorritu ondoren? Bai, gobernu berean egon daitezke berriro. Are, badirudi horretara kondenatuta daudela, nahiz eta baden xehetasun bat: JxCk, Carles Puigdemonten alderdiak, ezin du eta ez du nahi aliatutzat hartu beste bi indar independentistez beste inor; ERCk, aldiz, bai, eta baliteke bestelako aritmetika batzuk probatzen saiatzea. Zergatik ez du Pere Aragonesek, errepublikanoen proiektuan Oriol Junquerasen ondorengo denak, abagunea aprobetxatuko beste bazkide batzuk aurkitzeko?

Erantzunak bigarren paradoxara garamatza. Teorian, ERCk ahalegina egin lezake biko gobernu bat osatzeko En Comu Podemekin, hots, Podemosen Kataluniako erreferentearekin; edo, are, zubiak berregin litzake PSCren alderaJose Montilla presidente ohiak keinu bat egina du bide horretan. Baina ez bata eta ez bestea ez da sinesgarria. Antza denez, ERCk du gobernatzeko formula posible guztien giltza, baina giltza horrek ate bat baino ez du irekitzen: JxCrekin koalizio oso-osorik independentista bat osatzeko atea, hain zuzenCUPek kanpotik babestuta edo zuzenean esku hartuta. ERCk ez dauka hautatzerik, ez baitago horretarako tarterik.

JxCrekin ez baina Comukoekin aliantza egingo balu, ERCk Generalitatearen pastelaren zati handiago bat bereganatuko luke alderdi morea bazkide txikiagoa litzateke, zortzi eserleku baititu; motelago eta modu pragmatikoagoan bideratuko luke prozesua hots, izkin egingo lieke JxCk planteatzen dituen aurrera-kolpe sinbolikoei, halakoek beren onetik ateratzen baitituzte errepublikanoak, eta, gainera, saihestu egingo lituzke CUP hiperkritiko eta gobernu kulturarik gabeko horrek ezarritako mugak. Pribatuan, egiaz, aukera hori tentagarria zaio ERCko agintari mordoxka bati, baina ezin imajinatuzkoa da oraintxe: oinarri independentistek pentsatuko lukete sortzetik bertatik zikindua legokeela bide hori, ezinbestekoa bailuke PSCk oniritzia ematea.

JxCrekin hauteskunde borroka betean zeudela, 155. artikulukoen botoak onartzea leporatu ez ziezaioten, Aragonesek atea itxi zion sozialistekin edozein gobernu akordio egiteari, idatziz konpromisoa hartzeraino ez zuela traturik egingo PSCrekin. Konpromiso hori zanpatzeak, beraz, Aragonesen izen ona hondoratu ez ezik, harritu ere egingo luke militantzia, eta munizioa emango lieke hegemonia independentista lortzeko lehian dabilzkionei.

Urriaren 1etik hiru urte pasatxo eta legealdi bat igaro diren honetan, zauriak orbaindu gabe daude oraindik. Junqueras kartzelan dago oraindik, eta Marta Rovira, Suitzan. ERCk eta JxCk, elkarrekin ezin okerrago moldatu arren, ez dute berriz saiatzea beste aukerarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.