inaki petxarroman
ANALISIA

Trantsizio energetikoaren ajeak

2022ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Harrotuta dabiltza energia fosilen industriaren urak. Ez horrenbeste mozkinak gutxitzen ari zaizkielako, baizik eta negozioen leihotik ez dutelako horren garbi ikusten etorkizuna. Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariak garbi hitz egin zuen Bizkaiko patronalaren urteroko batzar nagusian, joan den asteazkenean: «Trantsizio energetikoa birpentsatu behar dugu; gaizki ari gara». Petrolioa «luzaroan» beharko dela, eta haren ekoizpena «prezio onargarrian» bermatuko duen trantsizio bat eskatu zuen Imazek. Bereziki kezkatuta agertu zen erregai fosiletan ikusten duen inbertsio faltagatik.

Imazen tesi hori, funtsean, ez da berea bakarrik. Saudi Arabia eta munduko petrolio enpresa handiak aspalditik ari dira mantra horrekin. Aramco konpainia saudiarabiarraren kontseilari ordezkari Amin Nasserrek Imazen antzeko hitzak esan zituen iazko abenduan Petrolioaren Munduko Kongresuan: «Trantsizio energetikoa huts garrantzitsuak egiten ari da. Ulertzen dut zaila izango dela esatea gasak eta petrolioak rol garrantzitsua izango dutela trantsizioan, baina hori asumitzea hobea da hornidura segurtasun ezak, kontrolik gabeko inflazioak eta energiaren prezio onartezinek ekarriko dituzten erreboltei aurre egin behar izatea baino». Gaineratu zuen deskarbonizazio helburuak ez direla «errealistak», eta pixkanaka erortzen ari direla.

Hainbat gauza dituzte komunean EAJko politikari ohiak eta Saudi Arabiako petrolio xekeak. Biek izan dituzte irabazi handiak urte hasieratik energiaren prezioaren gorakada itzelagatik. Repsolek iazko diru sarrerak bikoiztu egin ditu lehen hiruhilekoan, eta Aramcok munduko enpresarik baliotsuenaren tokia kendu berri dio Appleri. Baina biek ikusten dituzte laino beltzak zeruan. Imazek uste du Europako deskarbonizazio politika autogintza «suntsitzen» ari dela, eta Abdulaziz bin Salman Saudi Arabiako printze eta Petrolio ministroak ohartarazi du munduak «esnatu» egin behar duela. «Abisatu dugu inbertsio falta dela-eta. Mundua energia gaitasunik gabe geratzen ari da maila guztietan». Egoera hori petrolioaren merkatuaren «politizazioari» egotzi dio printze arabiarrak.

Imaz eta xeke arabiarrak bat datoz beste gauza batean: Ukrainako gerrak ez du egoera hau sortu; areagotu baino ez du egin.

John Catsimatidis AEBetako petrolio enpresari dirudunak esan berri du inoizko gasolio ekoizpen txikiena dagoela AEBetan (heren bat txikiagoa da orain 2019an baino) eta ez litzatekeela harrituko AEBetako ekialdean kontsumo errazionamenduak udan bertan hasiko balira.

Kontsumo jaitsiera

Hori da multinazionalek ikusi nahi ez duten agertokia: kontsumoa eta ekoizpena gutxituko den egiturazko egoera bat. Bitxia izan zen Cebeken batzarrean, Imazen hitzaldi berean, Armando Martinez Iberdrolako negozio zuzendariak eman zuen mezua, berriztagarrietan oinarritutako elektrifikazioaren aldekoa: «Mundu garbiago batera joateko kultura bat dago. Negozio argia dago hor; trantsizio energetiko horretan txapeldunak egongo dira. Horra joan behar dugu».

Baina aurki orok du bere ifrentzua. Iberdrolak nahi duen energia eredurako behar den makroazpiegitura berriztagarri andanak baditu ingurumen eragin larriak ere, eta, gainera, ikerketak eta errealitatea bera agerian uzten ari dira eolikoen eta fotovoltaikoen eraikuntzarako —baita auto elektrikoetarako ere— behar diren materialen eskasia. Gamesak aurkeztu berri duen galeren dosierra horren beste adibide bat besterik ez da.

Repsol eta Iberdrola beren negozio ereduari gehien komeni zaizkion irtenbideen bila dabiltza, baina, elite ekonomikoek ez ezik, herriek ere eskubidea dute energiaren, uraren eta elikagaien hornidura segurtasuna bermatzeko, eta hori klima aldaketa kontrolatu batean bakarrik bidera daiteke.

Presaka ekin behar dio munduak deskarbonizazioari. Nazioarteko Energia Agentziak (IEA) iaz esan zuen mundu aberastuko herrialdeek orain eten behar dituztela erregai fosilen inbertsio guztiak, 2050erako karbono neutraltasuna erdiesteko.

Talka egiten ari diren bi errealitateren aurrean bizi da mundua: etengabe berotzen ari den planeta bat du aurrean, baina prozesu hori eragiten duten erregai fosilen eta hazkunde etengabekoaren mendekotasunetik ezin askatu dabil. Munduko Meteorologia Agentziak aste honetan ohartarazi du hurrengo bost urteetan %50eko aukera dagoela Lurraren batez besteko tenperaturak 1,5 graduko berotzea gainditzeko urteren batean. Klima segurtasunaren muga gainditzen ari da, eta egunotan Indian eta Pakistanen dituzten muturreko berote eta lehorteak horren adibide bat baino ez dira.

1,5 graduko muga gainditzea atzera bueltarik gabekoa izan daiteke, eta horrek beste guztia jar dezake kolokan: energia ekoizpena eta elikagai zein ur hornidura. Beraz, energia eta baliabide gutxiago egongo den planeta batean, kontsumo murrizketa hori modu justuan nola egin aztertzen hasi beharko litzateke tokian-tokian. Repsolek, Iberdrolak eta Saudi Arabiak izango dituzte agertoki horietarako planak ere. Gizarteak eta gobernuak ere hasi beharko lirateke horretaz gogoetatzen, bestela, geratuko diren tarta puskak ahaltsuenek irentsiko baitituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.