'Gizon kaputxadunek' ez dute amore emanen

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi du 1971n Erresuma Batuko armadak «tratu gizagabea» eman zien Irlandako hamalau atxilotuk ez zutela «tortura» jasan. 1978ko epaia berretsi du.

mikel rodriguez
2018ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko armadak 1971ko abuztuaren 9an eta 10ean 342 herritar atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu zituen Irlandan, IRAren adarrekin zerikusia izatea leporatuta. Internment izenarekin ezaguna den politika errepresiboari hasiera eman zion. Tortura bortitzak pairatu zituzten ia denek, eta horietako hamalauren salaketak Giza Eskubideen Europako Auzitegira ailegatu ziren 1978an. Gizonkaputxadunak erraten diete hamalau horiei, kontatu baitzuten kaputxa batekin burua estali zietela, eta helikopteroetatik bota zituztela, lurretik distantzia txikira, baina sinetsaraziz altuera handian zeudela. Estrasburgoko auzitegiak kasua berrikusi du, baina, 1978an bezala, ebatzi du pairatu zutena ez zela «tortura» izan. Gizon kaputxadunak, ordea, amore emateko «urruti» daude.

Giza Eskubideen Auzitegiak 1978an ebatzi zuen militarrek atxilotuei tratu «gizagabea eta umiliagarria» eman zietela, baina ez zuen torturatzat jo. Helikopteroetakoaz gain, atxilotuek salatu zuten posizio behartuetan jarrarazi zituztela, eta eroriz gero jo egiten zituztela, loa galarazi zietela, ez zietela urik eta elikagairik eman, eta musika zaratatsua entzutera behartu zituztela. Irlandako Errepublikako Gobernuak 2014an epaia berrikusteko eskatu zion Estrasburgori, torturatzat definitzeko zantzu gehiago agertu zirela iritzita. Epaileen iritziz, Dublinek ez du aurkeztu «orduan [1978an] ezezagun zen elementurik».

Hamalau gizon kaputxadunetatik hamar gelditzen dira bizirik, eta, atzo, horietako zazpik agerraldia egin zuten ebazpenari buruz iritzia emateko. «Gutako bik izan ezik, gainerakook 70 urte baino gehiago ditugu, eta ez dut ahuleziarik ikusten oraindik», erran zuen Francie McGuiganek. «Giza Eskubideen Europako Auzitegiak aukera handia galdu du tortura desagerrarazteko, ez Irlandan bakarrik, baita munduko edozein bazterretan ere».

Nazioarte osoarentzako

Izan ere, 1978ko ebazpen hori hainbat estatuk erabili izan dute argudiatzeko ez dutela torturatu, Giza Eskubideen Auzitegiaren arabera gizon kaputxadunek salatu zituzten praktikak ezinen liratekeelako legez hala hartu. «Borroka hau hasi genuen, gobernu bakar batek ere ezin ditzan bere herritarrak torturatu», azaldu Jim Auldek, bertze salatzaileetako batek. Irlandako Errepublikako Gobernuari eskatu diote kasuarekin jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.