Donostiako 68. Zinemaldia. KRITIKA. Sail Ofiziala

Rifkinen pribilegioa

Mikel Zumeta.
2020ko irailaren 19a
00:00
Entzun

'Rifkin's Festival'



Zuzendaria: Woody Allen. Aktoreak: Elena Anaya, Louis Garrel, Gina Gershon, Sergi Lopez, Wallace Shawn. Herrialdea: Espainia-AEB-Italia. Iraupena: 92 minutu.

Nondik hasi Woody Allenen film bati kritika egiterakoan? Haren karrera kontuan hartu beharko genuke? Harekiko dugun atxikimendua, hurbiltasuna edo hurbiltasunik eza, eskarmentua, garrantzizkoak al dira lan bakar bati heltzerakoan?

Nondik hasi, Rifkins Festival-eko aktore protagonistaren hautaketarekin (Wallace Shawn) ados ez bagaude? —Eta ez gustuko ez dudalako, pertsonaiaren rolari guztiz testuinguruz kanpo iritzi diodalako baizik—.

Allen alaena!

Zinta Donostia begi onekin ikusi nahi dutenen gozamena izango dela ez dut zalantzan jartzen, ezta Donostiako turismo sailak beso zabalik jasoko duen iragarki ezin haraindikoagoa dela ere. Kontua da filmak alde askotatik huts egiten duela. Ez zen nire asmoa Allenez gaizki esaka aritzea, baina hark zuzendutako hastapenetako filmek ezingo dute oraingoan salbatu.

Erritmo mantsoan eramango gaitu zuzendariak, topiko zaharkituz beteriko kontakizunean. Filmak, hari gisa, bikote baten krisia azalduko digu, eta bitartean —eta eskerrak, hau bai, filmak eskaintzen duen interesgarriena baita—, zinemaren historian adierazgarriak izan diren zuzendariei eta haien filmei keinu egingo die. Pasartetxoak balira bezala, istorioan zehar txertatuko ditu, eta Buñuel, Bergman, Truffaut eta Godard izango ditugu, besteak beste, metazinematografikoa den ariketan. Filmak eskainiko duen eduki fresko bakarra da hori.

Argazki zuzendariak, bien bitartean, Donostiari Valentzia filtroa ipini dio, nolabait zintaren erregulartasun faltari homogeneotasuna emateko gauza izango balitz bezala. Emaitza, aski ongi ezagutzen dugun Donostia eguzkitsu edo askotan euritsu eta grisari tonu mexikarra edo almeriarra egoztea izango da. Diotenez, Instagrameko Valentzia filtroa argazki guztiak konpontzeko gai da. Oraingoan ez, baina.

Gidoiari dagokionez, zer esan; estatus sozioekonomiko jakin bateko adin nagusiko gizon zuri baten apetaz ari zaigula. Une jakin batzuetan, Allenek erakutsia digun umore sotila erabiliko du—gero eta umore gutxiagokoa, esan beharra dago—; horrez gain, auzo-lotsa sentiarazten duten eszena tamalgarri xamarrak uztartuko dira. Lotsagarriak diren momentuetan sor daitezkeen irriak apropos idatzitako umorearen efektuari gailentzeko lehian arituko dira. Zaharra zara, Allen.

Hala eta guztiz ere, filmak badu bere xarma, topikoak gorabehera. Agian Donostiaz ari zaigula ahaztuko bagenu, errazagoa izango litzaiguke filmaz gozatzea. Argi dagoena da Alleni zinema gustatzen zaiola eta eskertzekoa da, pelikulan txertatzen dituen film ikaragarri onei egindako omenaldi onirikoarengatik soilik bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.