KRITIKA. Kantata eszenikoa

'Cantiones profanae'

Agus Perez.
2018ko abenduaren 8a
00:00
Entzun

'Carmina Burana'



Konpainia: La Fura dels Baus. Dramaturgia, zuzendaritza eszenikoa eta eszenografia: Carlus Padrissa. Musika: Carl Orff. Musika zuzendaritza: Cesar Belda.Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Abenduak 6.

Cantiones profanæ cantoribus et choris cantandæ comitantibus instrumentis ataque imaginibus magicis. Lasai, irakurle maitea, nire umetako latin mailak ere ez du ematen hitz horiek ganoraz ulertzeko, eta horri esker ez duzu gaurko kritika latinez jasan beharko.

Hala ere, jakin beharra dago hona ekarri dudan esapidea Carl Orffek berak jarri ziola azpi-izenburutzat 1937an estreinatu zen bere lan famatuari. Hortaz, Carmina Burana hark berarekin zekarren entzuleek egoki interpretatzeko giltza, eta kantu profanoak ziren alemaniar konpositoreak hautatu zituenak. Erdi Aroko monjeek eta juglareek idatzi zituzten, orduko latinez, aleman zaharrez eta Proventzako okzitanieraz, eta haietan aurkitzen dugun giro paganoak erromatar munduarekin ia zuzenean konektatzen gaitu.

Era berean, horrek esplikatzen du irudikapen eszeniko baterako falta denargumentu logikoa. Orffek kanta guztien hamarren bat hautatu eta gaika antolatu omen zituen, bere kantatarako zenbait atal sortuz eta orkestrazioan protagonismo berezia emanez perkusioari, edo erritmoari hobeto esanda. Alde horretatik, argi dago CB Creativesen orkestrak, solistek eta abesbatzak interpretazio distiratsua eman digutela, bereziki kementsua eta zehatza —bozgorailuetatik egoki anplifikatua etorri da, dena esan behar badago—. Baina musikagileak ataque imaginibus magicis (eta irudi magikoak) gehitu zuen latinezko azalpenaren amaieran, eta horretara dator La Fura dels Bausek kantatari egin dion ekarpen pertinentea. Izan ere, obra hau musika soil bezala interpretatu da ia beti, balizko eszenaratze batek zekartzan zailtasunak direla eta.

Egia esan, oraingo lan eszenikoaren prototipoa edo aurretiazko bertsio laburtua Bilbon bertan ikusi genuen 2008an, Elkarte Filarmonikoaren egoitza ederrean eta Donostiako Orfeoiaren parte-hartzearekin. Veris leta facies (Udaberriaren aurpegi zoriontsua) deitu zen, eta orduko hartan ere, orkestra oihal zurizko zilindro handi baten barruan zegoen, jazoera eszenikoak besaulki-patioan eta orkestraren aurrean gertatzen zirela.

Oraingo honetan dimentsio handiagoa hartu du denak eta, bideo-proiekzioen sormen-maila eskasa kenduta, gainontzeko osagaiek —argien diseinu dramatikoa, jantzien edertasun mitologikoa eta makineria eszenikoen erabilera— Orffen beraren inspirazioa erakutsi dute, bereziki garabi handiaren eta upel gardenaren bidez. Upel horretan ura ardo bihurtu da uretako jainkosa baten presentziaz, eta garabi handian irudikatu dira ustezko Ikaro baten hegaldi umoretsua eta Fortuna jainkosaren garaipen osoa gu guztion patuaren gainean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.