Manuel Quijera

Beste bat 80 metrotik gora bizitzen

Manuel Quijera xabalina jaurtitzaileak 81,31 metroko marka egin du, euskal atleta batek inoiz lorturiko onena. Sasoiko helburuak aldatu zaizkio kolpetik, eta Munduko Txapelketan aritzea du begiz joa orain.

GRUPOEMPLEO PAMPLONA ATLETICO.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Sakelako telefonoan du bideoa, eta askotan ikusi duela aitortu du Manu Quijerak (Iruñea, 1998). Bere balentriaren arrasto grafikoa da, iragan larunbatean Aluchen (Madril, Espainia) eginiko 81,31 metroko xabalina jaurtiketarena. «Itzulerako bidean ikusi nuen. Izugarria izan zen, eta nire erreakzioa ere bai. Erotu egin nintzen. Hura zen zirrara! Korrika batean hasi nintzen, eta nire entrenatzailea besarkatzera joan nintzen». Ez zen gutxiagorako: euskal jaurtitzaile batek inoiz lortu duen jaurtiketarik onena da, eta Munduko Txapelketarako sailkatzea helburu hartzeko eskubidea eman dio.

Euskal xabalina jaurtiketa garai historikoan dago. Egun, hiru dira 80 metrotik gorako markak dituzten jaurtitzaileak: Manu Quijera, Nico bere anaia zaharra (23 urte eta 80,21 metro) eta Odei Jainaga eibartarra (21 urte eta 80,64 metro). Anaiari, baina, orpazurdako ebakuntza egin zioten duela hilabete, eta Jainaga apurka itzultzen ari da, iaz ukondoan ebakuntza egin ondoren.

Hiruretan gazteenak hartu du aurrea. «Lehia polita dugu; gertukoak gara. Marka onak egiten dituzten lehiakideak izatea motibagarria da». Marka lortu berritan mezuz bete zitzaion sakelakoa, baina anaiaren deiak poztu zuen gehien. «Asko hitz egiten dugu, eta zoriondu egin ninduen. Agian, barnean eragingo zion zerbait, baina asko pozten gara besteak lan ona egiten duenean. Bera orain berrindartze lana egiten ari da, eta hurrengo sasoian du burua. 2020a oso urte garrantzitsua izango da».

Larunbateko jaurtiketak erabat aldatu du Quijeraren urteko plangintza, hiru metrotik gora hobeto baitu bere aurreko marka. «Sasoi honetarako helburua 80 metrora gerturatzea zen, eta hor finkatzea. Baina hau... ustekabekoa izan da. Ondo nenbilen, baina hau jauzi handia da. Maiatzean gaude, eta irentsi dugu helburua. Orain, Munduko Txapelketara joateko gutxiengo markara gerturatu nahiko nuke».

Uztailean, 23 urtez azpiko Europako Txapelketa du, eta, bitartean, Espainiako Ligan lehiatzen jarraituko du, Pamplona Atleticorekin. Helburuen berregituraketa horretan, irailean ere jarri du begia, Dohan. «Munduko Txapelketarako gutxieneko markarekin amets egin dezaket. 83 metro dira, orain dudan marka baino metro eta erdi hobea. 80 metro inguruan finkatzen banaiz, gerta daiteke». 32 jaurtitzaile ariko dira Dohan, eta Quijerak ez du uste hainbestek gutxieneko marka egingo dutenik. «Munduko sailkapena begiratu dut, eta marka berriarekin 20. postuan nago. Baina oraindik asko falta dira bere maila hoberenera iristeko, eta, nire ustez, horrekin ez da aski izango. 82 metrotik gorako marka lortzen badut, ordea, baliteke bigarren aukera izango dutenen artean sartzea».

Emaitza onak jaurtitzailearen anbizioa piztu du, eta, zeharka bada ere, 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoekin amets egiten du. «Jokoetarako gutxieneko marka oso altua da, 85 metro, baina puntukako sailkatze sistema ezarri dute. Puntu horiek lortzeko, bilera handietara gonbidatu behar zaituzte, eta, azken jaurtiketa horri esker, litekeena da aukera gehiago izatea».

Horretarako, baina, beste pauso bat edo bi eman beharko ditu bere garapenean. Alde horretatik, Quijeraren ustez, arlo fisikoa landu behar du batez ere. Bera 1,83 metro luze da, eta 84 kiloko pisua du. Bere altuerako mundu mailako jaurtitzaileak 90 kilo inguruan ibiltzen dira, eta 30 urterekin lortzen dute euren ibilbideko sasoi gorena. «Giharra irabaztea da gakoa, indar handiagoa. Teknikoki ere beti hobetu daiteke, argi dago, baina, nire kasuan, indarra hartuz etorriko da eboluzioa».

Bien bitartean, gogor entrenatzen jarraituko du Larrabide estadioan, Iruñean. Astean sei egunez jarduten du: hiru orduko saioak goizero. Idoia Mariezkurrena disko jaurtitzaile ohia du entrenatzaile, eta Manuel aita klubeko presidente. Goizean entrenatzen da, arratsaldez ikasketekin jarraitzen baitu. «Lehen hezkuntzako irakasle izateko ikasten ari naiz Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta, oraingoz, arazorik gabe uztartzen ditut. Emaitza onak atera ditut». Liburuekin, beraz, xabalinarekin bezain trebea dela dirudi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.