Donostiako 68. Zinemaldia. KRITIKA. Zinemira

Zabalzaren egiaren bila

Amaia Garcia.
2020ko irailaren 24a
00:00
Entzun

'Non da Mikel? '

Zuzendaria: Amaia Merino eta Miguel Angel Llamas, PituHerrialdea: Euskal Herria Iraupena: 79 minutu

Mikel Zabalza 1985. urteko azaroaren 26ko goizaldean atxilotu zuten. Harekin batera, haren bikotekide Idoia Aierbe, bi anaiak eta Ion Arretxe Intxaurrondoko kuartelera eraman zituzten, ETAko kide izatea leporatuta. Horren ostean, Zabalza egun askotan desagertua egon zen, eta, azkenean, gorpua Endarlatsako tuneletik gertu aurkitu zuten, Bidasoa ibaian.

Bertsio ofizialaren aburuz, Zabalzak Guardia Zibilari zulo bat erakutsi nahi zion ibaiertzean, eta, aukera izan zuenean, bere burua bota zuen ibaira ihes egiteko. Bertsio ofiziala sinestea oso zaila da dokumentalean entzundako testigantzen eta frogen ostean. Aierbek adierazten du Zabalzak ez zekiela igeri egiten; Zabalzaren ama, GarbiƱe, egun askotan joan zen Intxaurrondoko kuartelera, eta bertan ez zegoela esan zioten; Arretxek esaten du entzun zuela Zabalza nola torturatzen zuten. Zehazki zer gertatu zen jakitea oso zaila izan da, eta egiaren bilaketa horretan jarri ziren Zabalza familiako kideak Amaia Merino eta Miguel Angel Llamas Pitu-rekin.

Egunen kontaketak markatzen du filmaren erritmoa. Artxiboko irudi eta testigantza oso indartsuak aurkitu dituzte zuzendariek, eta oso ondo erabili desagerpenaren, torturen eta heriotzaren inguruko datu asko azaltzeko. Zabalzaren amaren elkarrizketetan, haren mina nabari da; izan ere, helburua oso argi zuen: semea aurkitu nahi zuen edozein modutan.

Mikelen ilobek kutxa bat aurkitu dute familiaren etxean. Han familiaren aldeko eta aurkako gutunak daude, eta Pandoraren kutxa balitz bezala, familiak heriotza nola bizi zuen jakiteko eta sentimenduak partekatzeko balio izan die. Garai hartako euskal gizartearen isla izan daiteke kaxa hura, altxor berezi bat. Horri esker, dokumental hau egin dute, euskal gatazka ulertzeko beharrezkoa eta egia, erreparazioa eta justiziaren bila jarraitzeko pauso garrantzitsu bihurtu dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.