KRITIKA. Dantza

Itsasoa jatorri

Oihan Indart dantzaria, <em>O!</em> ikuskizunaren koreografia interpretatzen.
Oihan Indart dantzaria, O! ikuskizunaren koreografia interpretatzen. ELIRALE

Agus Perez -

2021eko urtarrilak 5

'O!'

Konpainia: Elirale. Koreografia: Pantxika Telleria. Musika: Thierry Biskarri. Argiztapena: Javi Ulla. Dantzaria: Oihan Indart. Lekua: Zornotza aretoa. Eguna: urtarrilak 2.

Urtea hasi berria dela ikusi dugu Elirale konpainiaren O!. Proposamena, printzipioz, hiru urtetik gorako umeentzat da, baina Pantxika Telleriaren beste lan askok bezala —Kadira, Xihiko, Oa-huetak...— maila estetiko handia dauka, edozein errazkeriatatik urrun dago eta ikusle helduek ere kalitatezko esperientzia artistikoa edukiko dute emanaldian zehar.

Harridura adierazpena eta umeek ahoarekin erraz egiten duten soinua eta forma batzen ditu O! izenburuak. Biribiltasunaren ideia horri jarraituz, bereziki diseinaturiko domo edo karpa batean egiten dira emanaldiak, baina kasu honetan antzokiko eszenatokian paratu dute erdialdeko egitura zirkularra, eta atzealdea zein goialdea oihal zuriekin apaindu, haietan proiektatu direlako dantzariak bere itzalekin sortutako irudi misteriotsuak.

Aurreko lan baten —Artha— atal bat hartuta eta forma propioa emanda jaio den O! honek hark bezala darama itsasoaren gaia muinean, eta esandako egitura zirkularraren barrutik desplazatu da dantzaria, gaza zuri batean bilduta eta uretan balego bezala, ozeanoaren hotsa baleen kantuekin batera entzuten zelarik. Handik denbora batera ur azalera irten da, bere mihisetik askatuta, eta zirkuluaren gainaldean eboluzionatu du, ahotsa ere bereganatu eta melodia malenkoniatsu bat a capella abestuz, olatuen orro urrunak lagun. Kantaren ostean Thierry Biskarriren instrumentazio delikatuak ordezkatu du dantzariaren ahotsa, eta behegaineko argi zentral batetik proiektatu diren itzalek areagotu egin dute emanaldiak berez zeukan kutsu poetikoa.

Ikusten denez, uretatik gainazalera eta handik atmosferara igaro dira dantzariak sortutako irudiak, eta lau elementuen zirkulua Biskarrik kanta batean suari eskainitako hitz liriko eta sakonekin osatu da. Telleriaren ibilbidea ezagutzen duenak dagoeneko ulertu du ezer ez dela imitazioen edo estilo figuratiboaren laguntzaz gauzatu eta dena etorri dela iradokitze finaren eta abstrakzioaren bideetatik. Bilaketa horretan funtsezkoa izan da Javi Ullaren argiztatze koloretsu eta zuhurra, eta niri bereziki gustatu zait hain gauza gutxirekin hainbeste egin izana. Bestetik, aipatzekoa da era ia subliminalean txertatu direla mutxikoen pauso bereizgarriak dantzariaren eboluzioetan, eta beste une batean godaleten dantza gogoratu digutela beheko argi zentralaren inguruan emandako pausoek.

Oihan Indart ibili da dantzari goizeko emanaldian eta arratsaldeko batean —beste bietan Ioritz Galarragak jardun du—, eta bere gizon-gorputz ondo trebatu eta dotorearekin —enborra eta gorputz-adarrak agerian— ederto irudikatu ditu naturaren indarren pertsonifikazioa, ondulazioekin eta mugimendu pausatuekin ere bai, grabitatearen menpe egongo ez balitz bezala eta une oro iradokiz urak edo aireak Lur planetaren erakarpen-indarra borrokatzeko gai badirela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Txillardegi Liburutegia ekimenak jarritako afixa, hiriko liburutegiaren sarreran. ©BERRIA

Donostiako Liburutegiari Txillardegi izena jartzeko eskaera berretsi dute

Berria

Bihar omenaldi bat egingo diote idazle eta linguistari, bere heriotzaren bederatzigarren urteurrenean.

Musidora, Allegria kapitainaren rola jokatzen, <em>Pour Don Carlos</em> filmaren fotograma batean. ©EUSKADIKO FILMATEGIA / TOLOSAKO FILMATEGIA

Musidoraren begietatik jasoa

Aitor Biain

'Pour Don Carlos' filma Euskal Herrian eginiko lehenetarikoa izan zen. Galdutzat zeukaten, 2016an aurkitu zuten arte. Zaharberritu egin dute, eta Donostian eta Bilbon emango dute, gaur eta bihar

Euskadiko Orkestra, Robert Treviñoren zuzendaritzapean. ©Euskadiko Orkestra

Euskadiko Orkestrak gaur berrekingo dio denboraldiari

Berria

Hamabi saio eskainiko ditu guztira, urtarrilaren 22ra arte; Mozart eta Sibeliusen lanak joko dituzte saio bakoitzean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.