Kataluniako prozesu subiranista. Epaiketaren bukaera. ANALISIA

Fiskala togan barrena hondoratuta

Javier Zaragoza eta Javier Moreno fiskalak, atzo, Espainiako Auzitegi Gorenean.
Javier Zaragoza eta Javier Moreno fiskalak, atzo, Espainiako Auzitegi Gorenean. AUZITEGI GORENA / EFE

Martxelo Otamendi -

2019ko ekainak 12
Bere fiskal jardunean egunik mikatzena edukiko zuen, seguruenik, atzo Javier Zaragoza fiskalak, bata bestearen atzetik entzun behar izan zituelako defentsako lau abokaturen azalpenak, nork baino nork era argiagoan indargabetu zituztelako fiskaltzaren akusazioaren argudioak. Akusazioak egituratzeko orduan, oso seguru egon behar zuen fiskalak epaimahaia osatzen duten zazpi magistratuek arrazoia emango diotela sententzia idaztean, eta Kataluniako independentzia prozesuaren buruzagiek matxinada egin zutela, batik bat, 2017ko irailean eta urrian. Zigor eredugarriaren bila, katalanei mezurik gogorrena bidaltzeko asmoarekin, lepora ziezaiekeen deliturik larriena egotzi zien fiskalak akusatuei prozesuaren hasieran; gertatu zena berriro gerta ez zedin, izua orokortu. Hori da benetako independentziazale izatearen ordaina.

Atzo, defentsako abokatuek matxinadaren akusazioaren poliedroak dauzkan alde guztietatik desaktibatu zuten fiskalaren akusazioa. Batzuetan argudio teorikoekin, jurisprudentzia zabalean oinarrituta, eta besteetan edozeinek ulertzeko moduko logikarekin. Abokatuek badakite legelari ez diren herritar katalan asko ari direla segitzen epaiketaren azken egun hauei, eta horregatik tartekatzen dituzte argudio teknikoak eta erraz ulertzekoak. Katalunian gertatu zena ez zela izan ez matxinada ezta sedizioa ere errazago ulertzen da hautesleku baten aurrean eserita dauden ehunka herritar baketsu erakusten dituen bideoa ikusita, Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren sententzia mamitsu bat xehatuta baino.

Tentsio uneak izan ziren atzoko saioan, aurreko astean fiskaltzak estatu kolpetzat jo baitzuen Katalunian gertatutakoa. Baieztapen horrek min egin zien akusatuei eta defentsako abokatuei. Erantzuna atzo itzuli zion fiskalari Fornen abokatu Melerok, gauza serioak esaten direnean jartzen den tonua erabilita: «Katalunian gertatutakoa estatu kolpea izan zela baieztatzea errespetu falta larria da herri honetan egon diren altxamendu militarren biktimentzat». Isiltasuna aretoan, eta Zaragoza fiskala bere togaren barruan sartzeko ahaleginean.

Kamerak eta mugikorrak ez zeuden garaian, poliziaren hitzak froga balio handiagoa zeukan herritarrarenak baino, egiazkotasun printzipioaren aplikazioaren ondorioz. Lekukorik ezean, funtzionario publikoaren hitzak, poliziarenak kasu honetan, gehiago balio du herritarrarenak baino. Mugikorren garaiotan sinesgarriagoa da, noski, bideoan ikusten dena poliziak dioena baino. Horri esker, poliziek eta fiskaltzak egindako salaketek egiazkotasuna galtzen dute bideoak justu kontrakoa erakusten badu. Akusazioen lekukoek, poliziak gehienak, egoera jasanezinak pairatu zituztela salatu zuten lekukoen aldian, eta, salaketa horietan oinarrituta, fiskaltzak hitz potoloak erabili zituen azken mintzaldian, oso akusazio larriak. Ondo gogoratu zien atzo Junquerasen eta Romevaren abokatu Van den Eyndek akusazioei aretoan erakutsitako bideoetan, polizia askok soinean Go Pro kamerak daramatzaten garaian, polizien aurkako hiru eraso bakarrik dokumentatu ahal izan dituztela. Eta zer edo zergatik ez dituztela erakutsi lesio larriak pairatu zituztela zioten poliziei egindako mediku txostenak.

Atzo hitz egin zuten hiru abokatuetatik, Van den Eydeni egokitu zitzaion epaimahaiari proposamen politikoak egitea bere hitzaldiaren bukaeran. Bi egin zizkion. Aurrenekoan, «estatu eredua» deitu zion, ikusarazi zien magistratuei bereziki disidentzia politikoa eta desobedientzia baketsua epaitzen ari zirela, eta sententzian magistratuek aukera zeukatela zehazteko zer estatu eredu nahi zuten herritarrentzat. Alegia, bi kontzeptu horiek babestuko dituen gizarte eredu bat edo, akusazioak eskatzen duen legez, zigortuko dituena.

Bigarren proposamena politikoagoa izan zen, «egokiera» deitu zion. Abokatuak esan zien magistratuei sententzia idazteko orduan aukera zeukatela pilota politikaren eremura itzularazteko, hau da, Kataluniako auziari irtenbide egokia emateko. Akusatuen izenean ari zelakoan, «gure eskua luzatzen diogu epaimahaiari arazoari konponbidea eman diezaion». Ez da helburu horrekin gaur —eta bihar epaiketa gaur bukatzen ez bada— entzungo den azken konponbide proposamena.

Arrazoia emango diote magistratuek sententzian Zaragoza fiskalari, edo togan barrena hondoratzen utziko dute?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna