Martxoak 8: greba feminista. Nerea Gonzalez Roncal. Saretuz-eko koordinatzailea

«Kapitalismoak eta patriarkatuak kultura bera dute»

Maite Asensio Lozano.
2019ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Kontsumoaren alorrera ere iritsiko da gaur greba; batik bat andreen eskubideak urratzen dituzten enpresa handietan ez kontsumitzera deitu dute feministek. Kontsumo ereduaz eta alternatibez gogoeta egiteko aukera emango du, Nerea Gonzalez Roncalen aburuz (Donostia, 1979). Saretuz taldeko koordinatzaile dihardu; Donostian kontsumo eraldatzailea sustatzen dute sarean.

Zergatik egin greba feminista kontsumoaren alorrean?

Kapitalismoak eta patriarkatuak kultura bera dutelako; menderakuntza praktika berdinez baliatzen dira. Kultura hori hainbat modutan agertzen da: emakumeak ikusezin bihurtzen ditu, mespretxuz eta bortizki tratatzen. Mugimendu feministak, aldiz, defendatu du kontsumoa salaketa eta eraldaketa gune izan daitekeela. Martxoaren 8an gure hiri eta herrietako merkatu eta saltoki handiak gelditu nahi ditugu, eta aldi berean kontsumo alternatiborako estrategiak eraiki.

Zer lotura du kontsumoak emakumeen eskubideekin?

Indarkeria mota orotatik aske den bizitza aldarrikatzen du feminismoak. Baina egungo ekoizpen eta kontsumo ereduek energia fosilen eta mineralen gainbehera ekarri dute, eta bizitzarako ezinbesteko ziklo naturalak aldarazi dituzte. Gainera, sistema ekonomikoak emakumeen gorputzak objektu gisa saltzen ditu, beste herri batzuetako andreak esplotatzen eta ama lurra xahutzen. Feminismoak ekonomia eraldatzea planteatzen du: pertsonen eta lurraren bizitza erdigunean jartzea.

Bizitzak erdigunean jarri nahi dituzue Saretuz-en. Nola?

Pentsatzen dugu kontsumo kontziente eta eraldatzailea eraikitzailea ere badela, amesten dugun gizartean bizi ahal izateko oinarrizko estrategia eta tresna bat delako: bizitza erdigunean duen gizarte bat, ekonomia bere zerbitzura duena, oinarrian dituena justizia, emakume eta gizonen arteko eta herrien arteko berdintasuna, elkartasuna, naturarekiko oreka, konpromisoa...

Zer zerbitzu eskain daiteke balio horietan oinarrituta?

Kontsumoa berez oso transbertsala da. Kontsumo arduratsua zer den adierazteko hamasei irizpide definitu ditugu Saretuz-en, hamasei arlori buruzko gogoeta eginda: ingurumena, berdintasuna, hezkuntza, berrerabilera, kultura... Zerbait kontsumitu baino lehen, geure buruari galdetu beharko genioke ea hori kontsumitzea beharrezkoa den; beharrezkoa bada, ea konpon dezakegun beste ezer erosi baino lehen. Donostian makina bat aukera daude arropa, zapatak edo gailu teknologikoak konpontzeko; mapa bat eskegi dugu webgunean. Konpondu ezin denean, berrerabiltzea da hurrengo aukera, eta bigarren eskuko denda dezente daude. Bestela, bertako produktuak aukeratzea da hurrengo aukera, ahalik eta gertuen ekoitziak.

Kontsumo arduratsuak ez al du eskatzen tokiko dinamikak indartzea?

Jakina. Kontsumitzaileok botere handia dugu: erostean, adierazten dugu zer enpresa mota eta produkzio sistema nahi dugun. Hala erabakitzen dugu, adibidez, bizi garen auzoan denda txikiak nahi ditugun ala ez. Edo indarkeria matxistarekin bat egiten duten produktu eta zerbitzuak gure herrietan nahi ditugun ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.