Bukaera filmiko bezain lehorra eman zion atzo Marchena magistratu buruak Kataluniako prozesuaren epaiketari: «Sententziaren zain». Hitz bat ere ez gehiago. Eskertuagoa azaldu zen Espainiako Auzitegi Goreneko langileekin, baita eraikinaren zaintza egin duten poliziekin, defentsako abokatuetako bat epaile nagusia baino. 52 saioetan pilatutako nekea izango zen.
Eguna ez zen ondo hasi auzipetuentzat, ez baita Auzitegi Gorena lekurik aproposena aipatzeko Carles Puigdemont kalean utzi zuten Alemaniako Schleswig-Holsteingo auzitegiko epaileek matxinadarik egon ez zela zioten sententzia. Jordi Cuixarten defentsa daraman Marina Roig abokatuak gogoratu zuen. Sententzia hura deskalifikazio handia izan zen Espainiako justiziarentzat, Auzitegi Gorenarentzat bereziki; auzitegi horretako instrukzio epaile Llarenaren erabakia izan zelako eskatzea Alemaniako epaileei Puigdemonti euroagindua aplikatzea eta Espainiaratzea. Min egin zuen sententzia hark Gorenean, ebatzi zuelako Kataluniako prozesuan ez zela izan nahikoa indarkeria gertatutakoari matxinada deitzeko. Eta hori da hilabete batzuk barru ezagutuko dugun sententziak askatu beharko duen korapilo nagusia. Indar handia jarri dute defentsek otsailean hasitako epaiketan erakunde eta herritarren aldetik ez zela indarkeriarik eragin argudiatzeko orduan, eta inork eragitekotan Espainiako poliziek jardun zutela bortxaz, 1.000 zauritu eraginez.
Epaiketako egunik garrantzitsuena izan zen atzokoa, defentsen azken proposamenen ondoren auzipetuen azken hitzaren txanda zelako. Ikusmin handia zegoen areto betean, aspaldi ez bezala agintari katalan askorekin lehen lerroetan. Han ziren Joseba Egibar eta Maddalen Iriarte ere, EAJ eta EH Bilduren ordezkari. Duela lau urte Espainiako zerua konkistatu egingo zuela agindu zuen ezkerraren arrastorik ez.
Epaitu gehienek, azken hitza hartzean, defentsako abokatuek ondorioetan egin zuten legez, ohartarazi zieten epaileei haien egoera pertsonala gainditzen duen epaia eman beharko dutela auzi honetan. Jokoan dagoena ez dela bakarrik zehaztea zer gertatuko den haien eta ingurukoen etorkizunarekin, baizik eta politika ulertzeko eredu bat eman beharko dutela. Batek baino gehiagok gogoratu zien Espainiako Gobernuak Kataluniako auzian politika egiteari uko egin ziolako iritsi zela gatazka sekula iritsi behar ez zuen gunera, justiziara. Gobernuaren absentzian, epaileek hartu zutela arazoa lantzeko ardura, epaileen gobernua osatuz. Arduraz jokatzeko eskatu zieten, sententzian desobedientzia zibila eta baketsua zigortuz gero atzera egingo zuela Espainiako demokraziaren kalitateak, eta oztopo ikaragarria izango zela Kataluniako gatazkari irtenbidea elkarrizketaren bidez emateko nahi partekatuan. «Politika», «elkarrizketa» , «akordioa», «adostasuna»... boladako gaia izan ziren atzo epaituen mintzaldietan.
Korridoreak bete zituzten abokatu, senide, kazetari eta lagunen artean, kondenaren tamaina izan zen hizpide nagusia. Ez dago dudarik gehienak kondenatuko dituztela, eta bakar batzuk absolbitu egingo dituztela. Kontsentsu handia zegoen fiskalak eskatutako zigorrik handienak —25 urte Junquerasentzat, 17 Forcadell, Sanchez eta Cuixartentzat, eta 16 Bassa, Forn, Romeva, Rull eta Turullentzat— jaitsi egingo dituztela magistratuek. Non dago, ordea, muga estatu egiturentzat? Fiskalaren nahia beteko balute, magistratuek oso mezu gogorra bidaliko liekete Kataluniako erakundeei eta milioika herritarri: makurtzea da irtenbide bakarra. Belaunaldi batzuetan gogoratuko den gupidarik gabeko zigorra.
Korridoreetan nagusia den aukera hartuko balu epaimahaiak, zigorrik gogorrena ez pasatzea 8-10 urtetik, bere gogorrean aukera emango luke mezu posibilistagoa bidaltzeko katalanei.
Kondenatuz gero, Kataluniako kartzeletan beteko dute zigorra presoek, eta hasiera-hasieratik bigarren graduan egongo dira. Bigarrenetik hirugarrenera igarotzeko erabakia, lehendabizi, dauden kartzelako tratamendu batzordeak hartu behar du, eta, ondoren, espetxe horri dagokion zaintzako magistratuak. Alegia, bi erabaki horiek Katalunian hartuko dira. Horregatik, toga batean kabi litekeen maltzurkeria guztiarekin, eskatu zion fiskalak epaimahaiari, Zigor Kodearen 36.2 artikulua baliatuta, sententzian zehazteko ezin izango zaiela presoei hirugarren gradua aplikatu zigorraren erdia bete baino lehenago. Magistratuak ez daude behartuta artikulu hori aplikaraztera, baina ezingo zuketen beren kabuz aplikatu fiskaltzak eskatu ez balu.
Boto partikularrik izango ote da epaian? Defentsek gogotik eskertuko dute horrelako kalitatezko helduleku bat helegitea prestatzeko orduan.
Luciano Varela magistratuaren azken auzia da Kataluniakoa, erretiratu egingo baita sententzia jakinarazitakoan. Urrezko aukera dauka arrazoia emateko Goreneko magistratu aurrerazale gutxietako bat dela behin eta berriro esan dutenei.
Itxi dira Goreneko ateak; zabalduko dira politikarenak?

Kataluniako prozesu subiranista. Epaiketaren bukaera. ANALISIA
Itxi dira ateak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu