Udal eta foru hauteskundeak. Ondorena. Maider Etxebarria. PSEren Gasteizko alkategaia

«Elkarrekin lan egin behar dugu hiriaren aniztasunari erantzuna emateko»

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2019ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Laugarren indarra izan ostean, bigarrena dira sozialistak orain Gasteizko Udalean, duela lau urte baino 11.000 boto gehiago lortuta. Maider Etxebarria hautagaiarentzat (Gasteiz, 1976) ez da ezustekoa izan, eta espero zuen PSEk emaitza onak lortzea.

Ezustea izan dira PSEren emaitzak. Zuretzat ere bai?

Niretzat ez. Egia esanda, nik oso emaitza onak espero nituen, batez ere kontuan hartzen badugu aurreko legealdian PSEko alderdikideek udalean egindako lana, eta PSEk diputazioan eta Jaurlaritzan egindakoa. Kanpainaren aurretik, neure burua ezagutzera eman nuen; arlo pribatuan dudan esperientzia ezagutarazten ibili nintzen, eta kalean nuen sentsazioa zen jende askok eman behar zigula botoa. Eta eskerrak eman nahi dizkiet eman digutenei, eta baita hauteskunde kanpainaren atzean egon diren militante guztiei ere.

Inkestek ez dute batere asmatu PSErekin.

Inkesten kontu horrek sumindu egiten nau apur bat. Ez emaitza jakin batzuk aurreikusten zizkigutelako, baizik eta inkestak estrategia politiko jakin batzuen mesedetan jarri direlako. Gorteetarako hauteskundeetan, lehen indarra izan ginen Gasteizen, eta, horregatik bada ere, uste dut errespetu handiagoa zor zietela gure boto emaileei. Nik ez diet jaramonik egiten inkestei, uste baitut errealistagoak eta praktikoagoak izan behar dugula.

Oso emaitza onak lortu dituzue, duela lau urte baino 11.000 boto gehiago erdietsita. Zein izan da gakoa, zure ustez?

Besteak beste, gure kanpaina. Kutsu humanoa izan du, eta sentsibilitate handikoa izan da. Gure ideia nagusia izan da hiriaren aldeko akordioen alde egitea, zutabe gisa hartuta inbertsioak, enplegua eta gizarte zerbitzuak.Hiru oinarri horien gainean jardungo dut legealdi honetan ere. Peio Lopez de Munain PSEren zinegotziaren lorpen sozialei eutsi nahi diet, eta alderdi guztien arteko akordioak lortu nahi ditut arlo horretan.

Espainiako Gorteetarako bozek eragina izan dute zuen gorakadan?

Argi dago Espainiako bozek eragina izan dutela, baina ez dut uste arrazoi horretara mugatu daitekeenik gure boto igoera. Faktore askok bat egin dute emaitza on horiek lortzeko. Halako batean, faktore horien guztien leherketa moduko bat egon da, eta herri-tarrek berriro agertu digute babesa.

Zeintzuk dira zure lehentasunak agintaldirako?

Hiri akordioen alde egingo dut alderdi guztiekin. Horretarako, eskua luzatuko diet indar politiko guztiei. Elkarrekin lan egin behar dugu hiriaren aniztasunari erantzuteko, eta alde batera utzi behar ditugu gure arteko liskarrak.

Aliantzetan pentsatzen hasi zara?

Oraindik oso goiz da akordioez eta aliantzez hitz egiteko. Patxadaz aztertu nahi ditugu emaitzak. Kanpainan hartutako konpromisoei eutsi nahi diegu, hiri akordioak lehenetsita.

EAJ-PSE akordio baten aldekoa zara?

Akordio hori onuragarria izan da, gobernuari egonkortasuna eman diolako. Herritarrek ez dituzte gustuko muturreko jarrerak, eta nahiago dituzte akordioak eta egonkortasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.