Koronabirusa. Ekonomia

Nafarroako Gobernuak gizarte eragileekin aztertu du krisialdia

joxerra senar
Iruñea
2020ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
COVID-19 gaitzak Nafarroako ekonomian eta langileen artean izan duen eraginaz hitz egiteko lehen bilera izan zuten, atzo eguerdian, gobernuak eta gizarte eragileek. Bileran izan ziren ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariak eta CEN enpresaburu elkarteko zein Anel lan sozietateetako arduradunak. Jose Mari Aierdi bigarren presidenteordearen hitzetan, astean behin biltzeko asmoa dute, eta krisialdiaren bilakaeraren inguruan «gogoeta bateratua» egiteko borondatea adierazi dute denek.

Aierdiren arabera, atzo mahai gainean jarri zen langileen segurtasunaren auzia. «Lehenik eta behin, kezkatu egiten gaitu langileen segurtasunak, eta, bigarrenik, jarduera ekonomikoari eusteak, betiere segurtasunak hala ahalbidetzen duen kasuetan».

Atzoko bilera Maria Txibite presidentearen gidaritzapean egin zen, eta, harekin batera, gobernuaren izenean izan ziren Aierdi bera eta Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilaria. Bilkuran segurtasun neurriak bete zituzten, bata bestearekiko distantzia gorde baitzuten ordezkari guztiek. Manu Aierdi Garapen Ekonomikoko kontseilariak etxetik kasu egin zien bideokonferentzia bidez, aurreko astean positibo eman ondoren berrogeialdia egiten ari baita —sintoma arinak dituenez, etxetik lan egin dezake—.

Lehenik eta behin, larunbatean Espainiako Gobernuak onartutako errege dekretua izan zuten aztergai, batik bat «zeintzuk diren eten diren jarduerak», azken egunetan zer sektorek utzi dion lan egiteari eta «zeintzuk diren eutsi beharreko funtsezko jarduerak».

Bigarrenik, lan munduan nola eragiten ari den aztertu zuten. Azken astean enplegua aldi baterako erregulatzeko mila dosier erregistratu dira Nafarroan, batik bat azken 48 orduetan. Aierdik nabarmendu zuenez, aldi baterako erregulazioek ziurtatzen dutebehin krisialdia igarota enplegu horiei eutsiko zaiela, sei hilabetez gutxienez. Hala ere, egunotan behin betiko erregulazio espediente «gutxi batzuk» onartu direla aitortu zuen. Kasuak banan-banan aztertuko dituzte.

Hirugarrenik, koronabirusak ekonomiari zenbat eragingo dion ikusteko dago. Elma Saiz Ekonomia kontseilariaren hitzetan, «goiz» da, baina argi dago ondorioak izango dituela jardueran zein zerga bilketan. Egoera leuntzeko neurriez hitz egin zuten, baina Aierdik ez zuen ezer zehaztu. Azkenik, langileen segurtasuna ere hizpide izan zuten, baina horren inguruan ez zuen ezer gehiago zehaztu gobernuak.

ELAren eskaera

Bileran, ELAk inplikatzeko eskatu zien hala gobernuari nola CEN patronalari «funtsezkoak ez diren enpresa guztiak gera daitezen». ELAren ustez, «kontraesan handia da», batetik, konfinamendura, eta, bestetik, lan egitera behartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.