Noiz sortua: 2020-05-23 00:30:00

Koronabirusa munduan

Kadirov Txetxeniako presidentea erietxera, COVID-19a duelakoan

Errusiaren aldeko buruzagiak babestu egin du Poliziak indarkeria baliatzea konfinamendua urratzen duten herritarrak zigortzeko
Ramzan Kadirov, Txetxeniako Errepublikako buruzagia.
Ramzan Kadirov, Txetxeniako Errepublikako buruzagia. ALEXEY NIKOLSKY / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Jone Bastida Alzuru -

2020ko maiatzak 23

Errusiako hainbat hedabidek herenegun argitaratu zutenez, Ramzan Kadirov Txetxeniako liderra ospitaleratu egin dute, koronabirusa izan dezakeelakoan. Hain zuzen, Moskuko klinika batera eraman zuten tratamendua jasotzera, gripearen antzeko sintomak izanda haren osasunak okerrera egin ostean. Oraingoz, Txetxeniako agintariek ez dute ez baieztatu eta ez gezurtatu informazioa, baina Akhmed Dudaev haren aliatuak argitu zuen COVID-19aren egoera «kontrolatzen eta beharrezko neurriak hartzen» jarraitzen duela. Hau da, jardunean segitzen duela, herrialdearen gidaritza izaten.

Polemikaz josita dago Kadirov pandemia kudeatzen ari den modua. Besteak beste, Poliziari babesa eman zion berrogeialdia betetzen ez zuen oro indarrez zigortzeko. Argon hiriko gertakariaren ondotik egin zituen adierazpenak. Han, apiril hasieran, agenteek gizon bat jipoitu zuten konfinamendua urratzeagatik, eta Txetxeniako Errepublikako liderrak azpimarratu zuen «hobe zela pertsona bat egurtzea mila lurperatzea baino». Gainera, ziurtatu zuen atxilotu egingo zituztela presidentearen ordenak betetzen ez zituzten herritarrak. Txetxeniako Errepublika izan zen Errusiako Federazioko lehen lurraldea etxeratze agindua ezartzen, apirilaren 3an, konfinamendu neurriak zorroztuz.

Horrez gain, kazetari bati mehatxu egin zion haren osasun krisiaren kudeaketa salatzeagatik. Hain zuzen, Koronabirusak hila, gaitzik txikiena izeneko erreportaje bat idatzi zuen Elena Milaxina berriemaileak. Bertan, herrialdearen egoera epidemiologikoa aztertu eta gobernuaren kudeaketa kritikatu zuen, hala nola babeserako material falta eta herritarren atxiloketa arbitrarioak. Azkar iritsi zen Kadiroven erantzuna. Artikuluan bildutako ondorioak «lelokeriatzat» jo zituen, eta FSB Errusiako zerbitzu sekretuei leporatu zien hura isildu ez izana: «Guk krimen bat egitea nahi baduzue eta kriminal bihurtzea, horrela izango da. Norbaitek erantzukizunaren pisua bere gain hartuko du, eta legearekin zigortuko dute».

Horren aurrean, Europako Batasunak Errusiako agintariei eskatu zien mehatxuak «zigortzeko eta ikertzeko». Bestalde, AI Amnesty Internationalek ere sinadura bilketa bat egin du gertakariak ikertzeko exijitzeko, eta jada 65.000 lagunek baino gehiagok egin dute bat ekinaldiarekin.

Azken datuen arabera, Txetxenian 1.000 koronabirus kasutik gora baieztatu dituzte, eta 11 pertsona hil dira gaitzaren ondorioz.

Hain zuzen, Moskuren aldeko Txetxeniako presidentea da Kadirov, Putinen aliatua. Azken hamahiru urteak daramatza agintean, eta maiz salatu dute haren izaera despotikoa. Giza eskubideak urratu izana ere leporatzen diote.

Hala, ibilbide luzea dute Errusiaren eta Txetxeniaren arteko talkek. Sobietar Batasunaren gainbeherarekin, Txetxen-Inguxen errepublika zatitu egin zen; inguxek Errusiari lotuta segitu zuten, eta Txetxeniak independentzia aldarrikatu zuen 1992an. Errusia kontrola bereganatzen saiatu zen, eta 1994az geroztik bi gerra izan dira. Gaur egun, Errusiaren menpe dago Txetxenia, nahiz eta gerrillak hedatu diren Kaukaso iparraldean.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ekainaren 1ean eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan ez da inor hil COVID-19 gaitzaren eraginez. Bost positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta 11 gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.309 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.066 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Munduan sei milioi pertsona baino gehiago kutsatu ditu birusak

Berria

375.000 pertsona hil dira COVID-19aren eraginez. Horien artean 105.000, Ameriketako Estatu Batuetan.

Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazako tabernetako terrazak, jendez beteta. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Hirugarren fasearen peskizan

Edurne Begiristain

Datozen egunetan ere datuak onak badira, astelehenean hirugarren fasera pasatuko da Hego Euskal Herria. Erkidegoek kudeatuko dute nolakoa izango den alarma egoeratik ateratzeko azken urratsa

Irakasle batzuk hizketan, Zarauzko Orokieta herri eskolan, atzo. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Ikasleak ez, irakasleak bai

Irati Urdalleta Lete

Sare publikoko irakasleak itzultzen hasi dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, USE prestatzera bueltatu dira ikasleak

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna