Lan prestakuntza duala euskalduntzeko plana abiatu dute Gipuzkoan

2018-2019 ikasturtean, Lanbide Heziketako ikasleen %38k aukeratu zuten euskarazko prestakuntza. Lau eskualdetan abiatuko dute plana

Lanbide Heziketa euskalduntzeko planaren aurkezpena, atzo. BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Datua argigarria da: 2018-2019 ikasturtean Lanbide Heziketa eta lan prestakuntza duala euskaraz egin zuten 1.506 ikaslek. Ikasturte berean, ordea, 4.016 ikaslek egin zuten heziketa mota horren aldeko hautua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hau da, Lanbide Heziketan eta prestakuntza dualean izen eman zuten ikasleen %37,5ek jaso zuten formakuntza euskaraz. Proportzio horri buelta emateko asmoz, Euskaraz, talentua gara! izeneko esperientzia pilotua aurkeztu zuten atzo Gipuzkoako Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Lanbide Heziketako sareak, Lanekik eta Emunek.

Praktika onak identifikatzeko eta horiek zabaltzeko kanpaina bat abiatuko dute ikastetxeetako hainbat arduradunekin. Horrez gain, ikasleekin solasaldiak antolatuko dituzte euskarazko heziketa jasotzearen garrantzia nabarmentzeko. Era berean, lantokietako arduradunekin lan gosariak egingo dituzte, besteak beste, hizkuntzen erabileraz eta funtzioez gogoeta egin eta euskarak lan munduan duen balio erantsia erakutsarazte aldera. Lehen esperientzia Gipuzkoako lau eskualdetan jarriko dute martxan: Debagoienean, Debabarrenean, Goierrin eta Tolosaldean.

Azken urteetan euskararen ezagutzak eman duen aurrerapausoa aprobetxatu nahi dute, lan mundua ere euskalduntzeko. Hala azaldu du Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak: «Euskarak lan esparruan jauzi esanguratsu bat egiteko aukera dugu, azken hamarkadetan euskararen ezagutzak eman duen aurrerapausoari esker».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.