Pastor
DARWIN ETA GU

Ama ederra duzu

2020ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Emakumeak lan egiten duen lekutik oso hurbil dago grafitia: vaya con la MILF del Eroski —hori MILF-a, Eroskikoa—. Sukarrak hartuta balego bezala idatzi du esku gazteak mezua. Gaztea, bai. Izan ere, supermerkatuaren inguruan gazteak dira nagusi. Izan ere, MILFMother I'd Like to Fuck— horri buruzko fantasiak gizon gazteenen buruetan daude, gehienbat.

Komun publikoetan pornografia irakurtzen zen aspaldi, Bernardo Atxagak idatzi eta Ruper Ordorikak kantatu zuen olerkian esaten zenez. Berandu gabiltza orain, American Pie aro likido likitsean galduta. Gainera, emakume heldu hutsak jadanik ez du kontsumitzailea asebetetzen. Kunderaren andreak ez du batere xarmarik, elementu urratzailerik ez badu. Eta emakume eder hori, heldua ez ezik, ama ere balitz?

40-55 urte bitarteko emakumea da MILF-a. Horixe dugu eremu jakin horretan sartzen diren andrazkoen ezaugarri berezia. Hura desiratzen duen gizon adinkideari ez dio hainbesteko morborik ematen pertsona hori ama izateak. Gazteenei, bai, antza: ama eder batekin larrutan. Wooow!!! Izan ere, multzo horretan—pornografikoa izan edo ez izan— kokatzen diren emakumeak helduak dira, baina badirudi hori ez dela aski gazte baten odola borborrean has dadin. Haragi puska hori ama izateak, aldiz, arau-hauste puntu bat ematen dio gauzari.

Kontrastea da onena, bai: emakume bat adin horretan, ama eta desiragarria dena. Ama ez bada, soilik heldua, zaharra da, nonbait. Baina heldua, ama eta oraindik gogoa pizten dizuna... Grafiti hori idatzi duen mutilak pornoaren semantika eta izpiritua bereganatu ditu. Emakume helduago batekin amesteak ez du sentsazio berezirik eragiten. Kitzikapen bizi bipilagoa da ama izatea. Mutila motherfucker bat izatea, azken batean.

Lehen ez bezala, mugak etengabe apurtzen dira egun. The Cars taldeak My Best Friend's Girl kantatzen zuen. Lerro artean ulertzen zen artean desiratzen zenuela neska hura, «zurea» izan zena. Tira... Baina gero El Canto del Loco etorri zen eta José gizajoaren amarekin oheratu zen, «ia behartuta». Que me gusta tu madre, José. Zer egingo diot, bada. Ez da nire errua zuk halako ama eder beroa baduzu, tentatu egiten banau. Eta guk abesti txoroa kantatzen genuen, brometan. Lagun bati bere amarekin larrua jo dugula esateak badu zerbait, antza —hark, horratik, ez diezagula halakorik esan!—.

Denok izan ditugu nerabezaroko fantasiak. Kuadrillako lagun baten arreba izan zitekeen, zure adinekoa edo pare bat urte zaharragoa zena. Oso gutxitan esaten zenion lagunari eta, inoiz esatekotan, kontu handiz, modu onean. Lagun baten amarekin amets egitea beste kontu bat zen. Eta are gehiago hari esatea. Muga hori ezin zen gainditu. Ez zen zilegi. Inori ez zitzaion burutik pasatzen. Hipokrisia? Moral kristaua? Nik errespetua esango nuke. Munduan ez dago beste emakume heldurik, zure lagun minaren ama izan ezik? —edo zure lagun minaren aita, kasu honetan neska gazte heterosexualak gogoan—.

Egun bestelakoa da kontua. Hor dugu Mikel deituko diogun mutilaren kasua. 13 urte baino ez ditu. Amak oraindik ez ditu 50 urteak bete. Revillalandia-n bizi dira. Ama ederra duela esaten diote lagunek Mikeli —euskal gazte askok ez lukete «ama ederra duzu» esango, «¡qué buena está tu madre!» baizik. Edo are zakarrago: «¡Qué polvo tiene tu madre!»—. Eta Mikelek sufritu egiten du.

Hori dela eta, Mikelek eta amak liskarrak izaten dituzte sarri askotan. Aitak dibortziatu aurretik egiten zuena egiten du semeak orain: ama kontrolatu. Hark gona laburra edo praka estu samarrak janzten baditu, mutur-salda dute etxean —zertan ari da 40 urtetik gorako ama bat izterrak erakusten?—. Amak uko egin behar dio bere askatasunari semea ez haserretzeko, gazte adurtiek esango dutenaren beldur. Besteen gogo lizunak pizten dituen andrea ama baita Mikelentzat. Nerabe horientzat, ostera, Mikelen ama MILF bat da. Gustura asko larrua joko lioketen ama, alegia. Etxean, eskolan edo kafetegian. Edo Eroskin bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.