begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Ama paraleloak

2022ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Beste hamaika kontu ekar genezake paperezko plaza honetara. Aipu egin, kasu, Goya sarietan agertzen den Euskal Herriko jende guztiari. Eta ez naiz bakarrik Paul Urkijoz, Nerea Torrijosez, Telmo Iruretaz, Alauda Ruiz de Azuaz, Joseba Beristainez ari. Ez Ramon Bareaz, eta ez Cuerdas-en inguruan. Ezta Maite Arroitajauregiz edo Aranzazu Callejaz ere. Ez Mikel Gurreaz soil-soilik. Ez adarbakarren gerlariez, ez eta Ainhoa-z ere.

Ari naiz bihar bertan, non eta Hondarribian, Amua musika eta zinema jaialdian, ikusgai, dastagai, gozagai, tentagarri izango duzuen Raul de la Fuente eta Amaia Remirezen Maldita: A Love Song to Sarajevo-z. Ari naiz ikusle eta sarrera marka anitz hautsi eta gainditu izan dituen Labordeta, un hombre, sin más dokumentalaz. Bertan ibili ziren elkarlanean, igualik izan ez zuen eta izango ez duen kantari, musikari, politikari errebelde Aragoiko haren Paula alaba eta pareko gutxi duen Mi querido balón laburraren autorea den Gaizka Urresti bilbotarra.

Ari naiz Nacho Vigalondorekin maiz lan egin duen Asier Gonzalez soinu maisuaz. Ari naiz Donostiako 27 Poligonoan egoitza, aterpe, kobazulo duten Drama FXko Jon Serranoz eta lankideez. Beraiek sortu dute Irati-ren magia (Mari jainkosaren esanetara, beti...). Ari naiz Loop labur berezi-berezia ekoitzi duen Ivan Miñambrez. Ari naiz, ari naiz, ama tolosarra duen Gironako Isaki Lacuestaz.

Hamaika kontu eta hamaika izen zerrendatzeko gara jaioak, bai. Baina gaurko honetan Ama Paraleloez nahi dut nik jardun. Almodovarren film ziztrin hartaz? Ezta pentsatu ere. Zera dut nik helburu eta desira: protagonistak neska gazteak diren pelikuletan bigarren plano batean agertzen diren ama horiez mintzatu. Eta ez. Ez naiz ariko (gustu handiz egingo nuke berba biez, ez pentsa) Cerdita-ren Carmen Machi edo Cinco Lobitos-en Susi Sanchez ezin hobeez. Ez, La Maternal-eko Penelopez eta El Agua-ko Isabellaz nahi dut gogoeta egin.

Bai, egia. Ez bata ez bestea ez dira pelikula horien pertsonaia nagusiak. Baina hor daude bata eta bestea, filmari, kontakizunari kementsu eutsiz. Biek ematen diote, bakoitzak bereari, kontaketak behar/eskatzen/exijitzen duen mamia, gorputza, testuingurua, testura.

Gero eta gazteagoak dira gaur egungo emakume zinemagileak —gauza bera gertatuko da, ez dut duda izpirik, gizonezkoekin, baina hemen amatasun/amakeriaz ari gara—.

Gero eta gazteagoak euren filmen protagonistak. Gero eta gazteagoak protagonista horien amak. Gazte, gazte oso, bihurtu ziren ama horiek ama. Bikoterik gabeko, etxegabeko, etxekoandre, gurasobakarreko familiaburu.

Edozein moduz bizirik irauteko maistrak bilakatu ziren. Autobideak baztertu zuen errepide sekundario bateko jatetxearen jabe (edo); auskalo zein erakunde garratzetako laguntzen eskatzaile, eskale, mendeko.

Gazteak dira oraindino. Ez da horrenbesteko adin-arrakala beraien eta alaben artean. Alaba horiengan beren isla ikusten dute. Onerako, txarrerako. Beraiengan amets eta amesgaizto bertsuak.

Gazteak dira gaur egungo zinema gaztean agertzen diren amak. Penelopek ez du familiarik, lagun askorik. Isabellarenean, berriz, kaminora ematen duen terrazan ahizpak eta auzokoak juntatzen dira ardo merke eta solasaldi konplize baten arrimuan, hautsez beteriko gineceo antzeko zerbait osatuz. Bertan eta bertatik, besteen begiradetatik urrun, gustura egiten da zurrut eta zurrumurru. Gustura jartzen dira mahai gainean desirak.

Bai. Desirak. Amak dira. Baita emakumeak ere. Desirak dituzte. Amatasunak bazterturik. Gorputzak eta arimak beroturik.

Bene-benetakoak dirudite gaur egungo emakume gazteek egindako zinemaren amek. Benetakoak dirudite benetakoak direlako. Eta bigarren planoan badaude ere, ipuin mingots hainbaten zimenduak dira.

Bukaera gisa, Goya sarietan lehian diren bi nafar aipatu nahi/behar. Derrigor eta gogoz. Donostiako Beldurrezko Astea barne, Europako zinemaldi ziento korritu izan duen Amanece la noche más larga-ren autoreak diren Lorena Ares eta Carlos F. De Vigo. Olioz pintaturiko pelikula ematen du Errumaniako banpiroak ere beldurtu zituen labur honek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.