Xabier Amuriza.
PASCALEN ESFERATIK

Komuneko kultura

2019ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Komunean irakurtzeari utzi nionetik, nire kultur maila asko jaitsi da. Denbora berdintsua egiten jarraitzen dut, buruari eusten gehienbat. Ez dut hainbesteko pisurik igartzen, eta hantxe. Harik eta zutitzen naizen arte, matrailak mindurik eta belarriak plantxaturik. Prousten Denbora galdua-ri heldu beharko diot berriz. Ezin al duzu egonaldia laburtu? Ba, begira. Ez da ezinagatik, baina hantxe sentitzen naiz hurbilen posizio fetaletik.

Irakurle argiak irentsi behar lituzke liburu on-onak edo txar-txarrak. Bitartekoek denbora gehiegi kentzen dute. Mundua aldatzeko asmo gabe idazten baduzu, lortu duzu zerbait aldatzea, zeren, idazten ari zarela, inori ez diozu trabarik egiten. Bada antzerkietan joera baloratu bat, estilo hurbila, espontaneoa, humanoa diotena. Niretzat, aktore on baten xarma da, hainzuzen, humanoa ez dela sentiarazteko gaitasuna. Hurbiltzen saiatzen bada, akosaturik sentitzen naiz. Baliteke izatea lehenfilmak ikusten hasi zen haur hura aulkipean ezkutatzen zelako, pantailan tren bati bereganantz erreparatzen zion bakoitzean.

Entzule fin bat kexu zen sinfonia guztien lehen mugimendua berdin hasten zelako (afinazioa). Hainbesteraino iritsi gabe, baziren musika batzuk, non azken txalo konbatienteak obraren pasartetzat hartzen bainituen. Batere ironia gabe, txaloaldia obraren zatirik musikalena ere iruditu zitzaidan behin. Dudan nengoen Debussy, Franck, Copland, Britten ala Bernaola jotzen ari ziren, baina ez nintzen jaitsiko Sokratesen mailaraino. Azkenean, Ravel izan zela aditu nuenean, Ziburuko bihozkada guztiak pilatu zitzaizkidan. Artean, sortzaile ala miresle, asmatuz nahiz erratuz goza dezakezu. Batzuetan, uste dut gehiago atera dudala erratzetik, asmatzetik baino. Gakoa gozatzea da. Berdin dio. Zenbat dakizun ez zaizu igarriko, isilik bazabiltza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.