Patxo Telleria. Gidoigilea eta aktorea

«Hizkuntzei buruz azterketa sakona egiten dugu»

Euskaltzaindiaren mendeurrenerako sortu zuen 'Ghero' antzezlana Tartean Teatroak. Donostiako Viktoria Eugenia antzokian emango dute gaur, 20:00etan.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Miren Garate.
2019ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Tartean Teatroak iazko azaroan estreinatu zuen Ghero antzezlana, Euskaltzaindiaren mendeurrena ospatzeko ekitaldien barruan. Patxo Telleriak azaldu du publikoari «harridura» ari zaiola eragiten, besteak beste, obraren tonuagatik, emozioek duten presentziagatik nahiz estetikagatik. 3000. urtean kokatu dute istorioa, eta euskara desagertzear dago, azken euskalduna hilzorian dagoelako. Hortik abiatuta, umorez, hizkuntzei buruz, hizkuntza aniztasunari buruz eta irauteko grinari buruz ari dira. Gidoilaria izateaz gain, aktoreetako bat ere bada Telleria, Mikel Martinez, Olatz Ganboa, Iñaki Maruri eta Ane Pikazarekin batera. Zuzendaria, berriz, Jokin Oregi da. Donostian ez ezik, Getxon, Durangon eta Eibarren ere izango dira urrian, eta hurrengo hilabeteetan ere emankizun ugari dituzte.

Azaroan beteko da urtebete antzezlana estreinatu zenutenetik. Nolako harrera izan du?

Harridura nabaritu izan dugu. Tartean taldearen ibilbidea eta Mikel Martinezek eta biok egiten dugun Ez dok hiru-ren ibilbidea ezagutzen dutenei bitxia egiten zaie, komedia baztertu gabe tonu ezberdina erabiltzen dugulako, eta, komediaz harago joanez, hizkuntzei buruz, hizkuntzen aniztasunari buruz eta hizkuntza gutxituei buruz azterketa sakon bat egiten dugulako. Arrazionamenduaz eta barreez gain, emozioak ere ageri dira; oso antzezlan emozionala da arlo askotan, eta deigarria egiten zaio hori publikoari. 3000. urtean dago girotuta, eta horrek estetika baldintzatzen du, hizkuntzak erabiltzen ditugun moduak ere harridura sortzen du...

Enkarguz idatzitako obra da Ghero. Asko kosta zitzaizun?

Ideia ona harrapatzea izaten da zailena; hortik aurrerakoa ez da hain gogorra. Eskertu behar diogu Euskaltzaindiari erabateko askatasuna eman izana, irizpide artistikoetan ez direlako sartu. Eta Euskaltzaindiak egindako enkargua egon arren sorburuan, guri dagoeneko ahaztu zaigu haren ordezkari edo gutxienez bazkide lana egiten dugula, eta, azkenean, antzezlan bat egitera joaten gara.

Mikel Martinezekin batera behin baino gehiagotan egin izan dituzu euskarari buruzko antzezlanak. Oraingoan, ordea, bost aktore zaudete oholtza gainean.

Gaur egun, eta are gehiago euskarazko antzerkian, bost aktoreko antzezlana proiektu handizalea da, eta arriskutsua. Hala ere, ezin gara beti formatu txikiko ikuskizunekin konformatu. Instituzioek ere lagundu behar dute, eta guk, gure aldetik, apustu handizaleak egin behar ditugu.

Hamabi hizkuntza erabiltzen dituzue antzezlanean. Hasieran azpidatziak jartzeko asmoa zenuten, baina azkenean ez zela beharrezkoa iruditu zitzaizuen. Erabaki ona izan zen?

Hizkuntza pila bat erabili nahi nituen ikuskizunean, eta ez nuen beste modurik ikusten. Baina, era berean, nagia ere ematen zidan. Alde batetik, nagi teknologikoa, eta, horrez gain, beste kultura batzuetan oso ohituta dago jendea bai zinema bai antzerkia azpidatziekin ikustera, adibidez Frantzian, baina gurean ez dago ohiturarik, eta gainera aurreiritziak daude horren kontra. Jokin Oregi zuzendariak proposatu zuen azpidatziak kentzea, eta ikusi nuen merezi zuela saiatzea. Testua pixka bat birmoldatu egin nuen, eta nahiz eta hizkuntza ezezagunak erabili, kontatzen zena erraz ulertarazteko erronka hartu nuen. Jakina, hitz batzuk ez dira ulertzen, baina ulertzen da zer ari den gertatzen, mila trikimailu ditugu horretarako. Salbuespen bat dago, nahita egindakoa: hasierako eszenan inkomunikazio linguistikoa islatzea nahi genuen, ikuslea hizkuntza arrotz baten aurrean aurkitzea, baina hortik aurrera erraz jarraitzen zaio istorioari.

Hausnarketa ugari ageri dira antzezlanean: zertarako balio duten hizkuntzek eta hizkuntza aniztasunak, irauteko grinari buruzko istorio bat ere bada...

Istorioan planteatzen da 3000. urtean hizkuntza bakarra dagoela munduan, hizkuntza globala, eta protagonista dela beste hizkuntza bat dakien bakarra. Baina perfektutzat dute egoera linguistiko hori: «Hizkuntza bakarra daukagu, apurtu dira mugak eta harresiak, eta oso ondo ulertzen dugu elkar guztiok», pentsatzen dute, positibotzat dute. Guk uste dugu hizkuntza bakarra egotea basoetan zuhaitz mota bakarra egotea bezala dela, akaso oso praktikoa fumigatzeko-eta, baina izugarri tristea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.