KRITIKA. Gasteizko 42. Jazzaldia

Ahots ederrak Jazzaldia hasteko

Leanne Faine buru duen gospel taldea, Mendizorrotzan. RAUL BOGAJO / FOKU.
2018ko uztailaren 19a
00:00
Entzun

Leanne Faineeta Favor taldea

Lekua: Mendizorrotzako kiroldegia. Eguna: Uztailak 17.

Leanne Faine: zelako ahots ederra hain emakume txikiarentzat! Favor taldearekin, Gasteizko 42. Jazzaldiari hasiera eman zion. Ikuskizuna Soldier abestiarekin ireki zuten, eta berehala nabaritu ziren abeslarien soul erroak, Michiganeko elizetan sortuak. Adina ez da aitzakia Leanne Fainerentzat, 78 urterekin agertokian zehar mugitzen baita energia harrigarri batekin. Ikusleek, hasieran pixka bat lotsati, gospel meza baten erritmoa hartu zuten berehala Faineren ahaleginei esker.

Hurrengo abestietan (So Good, Something Got a Hold of Me, I'll Take You There, The Lord Will Make a Way), bere abeslari trebeak txandatu ziren solo ikaragarri bana emateko. Umore onez, Mrs. Faine kexatu zen taldeko abeslarien erresistentzia faltaz eta, aitzakia horrekin, Holy Ghost abestu ondoren, If It Had Not Been kanta spiritual klasikoa abestu zuen, a cappella hasieran. Esperientzia erlijiosoa areagotzeko, abeslaria agertokitik jaitsi zen, eta ikusleen aulkien lehen lerroetan jarraitu zuen ikuskizunarekin. Sentimendu handiz, hurrengo abestiekin taldekideen erritmo biziek ekitaldia hartu zuten berriro; Can't Nobody eta Amen. Azken horrek ikusleen parte hartzea eskatzen zuen, eta Faine arduratu zen guztiok berarekin abesteaz.

Nola ez, Jazzaldiaren lehenengo gauari amaiera ezin hobea emateko, hain famatua den Oh Happy Day doinua hautatu zuten, eta, automatikoki, ikusleak altxatu egin ziren, eta txalo jotzen eta Fainerekin eta taldearekin batera abesten hasi. Amaiera dotore horrekin, Gasteizi agur esan, eta Chicagora bueltatzeko prestatu zen taldea, baina jendetza «beste bat» eskatzen hasi zen, eta agertokira bueltatu ziren berehala Thomas Dorseyren Precious Lord opari gisa abestera. Dudarik gabe, Leanne Faineren ahotsak ez du beldurrik izan behar Patti Labelle mitikoaren pareko soul abeslari ospetsuen aurrean. Gospel musika gehiegi izan daiteke batzuentzat, baina Leanne Faine eta Favorek Chicagoko gospel elizen esperientzia ekarri zuten Gasteizera ikusleak guztiz txunditzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.