Abel Azkona artistak 42 egun eman ditu ilunpean eta itxita

Sei metro koadroko gela batean bi hilabete eman nahi zituen, baina ospitalera eraman dute, kordea galduta

Inigo Astiz
2013ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Muturrekoak izaten dira Abel Azkona artista nafarraren performanceak, eta halakoa izan da oraingoa ere. Bi hilabete eman nahi zituen sei metro koadroko gela batean itxita, ilunpean, eta kanpoko munduarekin inolako harremanik gabe. Uztailaren 5ean sartu zen Madrilgo galeria batek horretarako prestatutako gelan, eta irailaren 5ean ateratzeko asmoa zuen. Bigarren jaiotza moduko bat bizitzea zen helburua, Platonen kobazuloaren mitoa erreferente gisa hartuta. Eten egin behar izan du itxialdia, ordea. 42. egunean. Medikuek kamera berezi batzuen bidez jarraitzen zuten Azkonaren egunerokoa, eta kordea galduta bi egun zeramatzala ikusita erabaki zuten artista handik atera eta ospitalera eramatea. Dark room du izena piezak.

Bazeraman denbora Azkonak itxialdien gaia lantzen, eta hiru piezako trilogia baten azken pieza izan behar zuen azken honek. Zailena eta gogorrena ere bazen. Azaldua du bere asmoa Azkonak: «Kanpoko kutsadurez biluzi, eta neure burua hutsetik topatzen saiatu nahi dut».

Egunero proteina askoko pure bat eta litro bat ur ematen zioten artistari medikuek eta komisarioak, eta argirik pasatzen uzten ez duen mekanismo bat baliatzen zuten horretarako. San Martin klinikan egun batzuk emango ditu Azkonak behaketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.