Pirinioetako glaziarren azkena

Pirinioetako glaziarrak datozen 30 urteotan desagertuko direla ohartarazi dute glaziologoek. Azken hamarkadan egindako ikerketek ez dute zalantzarako lekurik uzten. Ikertzaile talde batek egindako ikerketa baten arabera, glaziarrek euren eremuaren heren bat galdu dute hamarkada batean.

inaki petxarroman
2021eko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Pirinioetako glaziarrena heriotza iragarritako bat da. Udan izotzik eta elurrik gabe geratuko dira gailurrik garaienak urte gutxi barru, eta horrek beste paisaia bat utziko du. Glaziarrak izango dira klima aldaketaren beste biktima bat. Pirinioetakoak ez dira munduko bakarrak, ez garrantzitsuenak, baina bai Euskal Herritik gertuen daudenak, hamarkada askotan bertako mendizale eta naturazale askoren begien gozagarri izan direnak.

Ikertzaile talde batek 2011tik 2020ra egindako ikerketa baten arabera, 65 hektareako eremua galdu dute eta ia 20.000 milioi litro ur. Pixka bat atzerago joanez gero, Pirinioetako glaziarrak 810 hektarea ziren 1980ko hamarkadaren erdialdean, eta 205 hektarea baino ez ziren iaz.

Ikusi gehiago:Ibai Rico eta Eñaut Izagirre: «Espero baino izotz galera handiagoak atzeman ditugu»

Zaragozako (Aragoi, Espainia) Pirinioetako Ekologia Institutuko (CSIC) ikertzaileek eta Euskal Herriko bi glaziologok -Ibai Rico eta Eñaut Izagirre- 2020ko udan egindako landa lanaren bidez jaso dituzte hamarkada bakar batean Auñamendietako glaziarrek jasan duten atzeraldiaren datuak.

Hain zuzen ere, lehen aldiz, droneak erabili dituzte neurketak egiteko, eta horrela osatu dituzte aurretik GPS eta georradarren bidez hartutako datuak. «Erabilitako teknika berritzaileak eskualde mailako ikuspegia izaten lagundu digu», adierazi dute ikertzaileek. Hain justu ere, hiru helburu nagusi izan dituzte bertan egindako ikerketekin: glaziarrak mugitzen diren edo ez ikertzea, zein izotz lodiera duten jakitea, eta azaleran eta lodieran izandako aldaketak zenbatzea.



Hartutako datuek ez dituzte zientzialariak harritu. Izatekotan ere, glaziarren desagertzea bizkor gertatzen ari dela, horrek harrapatu ditu ezustean.

2011tik 2020ra batez beste zazpi metro mehetu dira Pirinioetako glaziarrak. Denetan ez da erantzun bera izan, baina galera orokorra izan da. Glaziarrik handienetan -Vignemaleko Ossoue, Perdido eta Aneto-Maladeta- izandako galerek batez besteko kopuru hori gainditu egin dute, haietan 10-12 metroko mehetzea atzeman baitute. Hau da, metro bat galtzen dute urtero. Galerak apalagoak dira glaziar txikietan. Horietan bi eta lau metro artean galdu dira hamarkada batean.

Aneto, Vignemale, Perdido

Anetoko glaziarra (mendikateko handiena) 63 hektareatik 47ra murriztu da hamarkada eskasean. Batez beste, 8,5 metroko izotz galera izan du lodierari dagokionez, eta zenbait tokitan 20 metrora arteko mehetzeak izan ditu. Beste zantzu txar bat: bitan zatitzekotan da.

Hain zuzen ere, zatitzea izaten da galtzen ari diren glaziarren ohiko joera. Vignemalen halako prozesu bat atzeman zuten iaz, glaziarraren aurrealdean, eta horrek, hedadura nabarmen txikitzeaz gain, oso ataka estuan uzten du loturarik gabe geratu den zatirik txikiena. Vignemaleko Ossoue glaziarrak ia 11 metroko mehetze bat izan du hamarkada batean, eta metro bat baino gehiagoko lodiera galtzen du urtero-urtero.

Glaziar handietan hobekien eusten ari zaiona Perdidokoa da. Arrazoi topografikoek klimak baino eragin handiagoa dute horretan, ikertzaileen arabera. Edonola ere, arrazoi horiek direla eta, litekeena da Perdidokoa izatea gehien iraungo duen Pirinioetako glaziarra. Joera, baina, desagertzekoa izango du hark ere. Esaterako, azken hamarkadan 7,5 metroko izotz lodiera galdu du, Maladetakoaren antzera (7,4).



Ur baliabideei dagokienez, Pirinioetako glaziarren galerak ez du kalte handirik egingo. Nabarmenagoa da elementu geografiko eta geologiko moduan izango den galera: «Ur gutxi gordetzen dute, eta ez da ingurumen hondamendi bat izango alde horretatik. Ekosistema bereizgarri baten amaiera izango da, eta gure ondorengoek ezin izango dute halakorik ezagutu. Gainera, kontinente mailan beste mendikate batzuetan (Alpeetan, kasurako) glaziarrek duten zaurgarritasunaren adierazle dira». Ildo horretatik, eta, adierazle klimatiko gisa duten garrantzia aintzat hartuta, izotz masa horien ikerketa eta monitorizazioa epe luzean mantentzeko deia egin dute ikertzaileek.

Pirinioetako glaziarrek 20.000 milioi litro ur galdu dute hamarkada bakar batean, hau da, ia 6.000 igerileku olinpiko betetzeko lain.

Ikertzaileek iazko udan egindako landa lanetan droneak eta laser argia erabiltzen duen sistema bat baliatu zuten, glaziarren 3D modeloak egiteko. 19 glaziarretik 14 drone bidez behatu zituzten, eta Monte Perdidokoa, berriz, eskaner bidez. Euren modelo horiek Espainiako Institutu Geografikoak 2011n LIDAR hegaldiekin ateratako modeloekin konparatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.