Ibai Rico eta Eñaut Izagirre. Glaziologoak

«Espero baino izotz galera handiagoak atzeman ditugu»

SINADURA / AGENTZIA.
inaki petxarroman
2021eko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Urteak daramatzate Ibai Ricok (Gasteiz, 1980) eta Eñaut Izagirre (Elgoibar, 1990) glaziarrak ikertzen. Iaz Pirinioetan egindako ikerketak berretsi die lehendik zekitena: ez dira urte asko beharko hango glaziarrak urtzeko.

Drone bidez neurtu dituzue glaziarrak. Zer berri dakar horrek?

IBAI RICO: Lehen, laser eskanerra erabiltzen genuen. Tresna pisutsua da, eta logistika zailtzen du. Oinez bertaratu behar duzu, edo helikopteroz. Bestalde, laser eskanerraren bidez batzuetan ez daukazu glaziarraren ikuspegi osoa, eta horrek zaildu egiten du lana. Dronez azkarrago egin ahal izan dugu, eta zehaztasun berarekin.

EÑAUT IZAGIRRE: Mendikate oso bateko glaziarrak drone bidez neurtu ditugu, lehen aldiz. Tresna honek moldakortasun handia ematen dizu. Hiru egunetan hiru mendi ezberdin neur ditzakezu, eta, lehen, mendi bakoitzean agian bizpahiru egun behar genituen. Teknika berritzaile bat da, eta etorkizunerako gauzak erraztu eta azkartu ditzake.

Azken neurketa hauetan zer ondorio atera duzue?

E.I.: Espero baino galera handiagoak atzeman ditugu. Bagenekien Monte Perdidok metro bat galtzen zuela urtero, baina glaziar handiagoak direnek (Anetokoak, esaterako) oraindik gehiago galtzen dute. Egoera larria da. Odoluste bat jasaten ari dira, eta joerak agintzen du hala jarraituko dutela, glaziarren goiko aldeak ere urtzen ari direlako.

Ezustekorik izan al duzue?

E.I.: Uztailean joan ginen Anetora, eta orduan ohartu ginen kontu batez. 2008an, bagenekien bazeudela batez beste 50 bat metroko sakonerako izotz lodierak. Iazko uztailean gehienez 40 metrokoak topatu ditugu. Eta batezbestekoa 28-30 metro da. Beraz, galera ez da eremuan bakarrik, lodieran ere bai. Gainera, luze gabe, bitan banatuko da glaziarra.

I.R.: Hori da glaziarren atzerakadaren ezaugarri bat. Anetokoa duela urte batzuk zatitu zen, eta orain zatitzear da berriro. Ossoueren kasuan, iaz zatitu zen, aurrealdetik. Anetori ere gauza bera gertatuko zaio, eta orduan utziko dio Pirinioetako glaziarrik handiena izateari.

Perdidoko glaziarra da galerari hobekien eusten ari zaiona.

E.I.:Topografia aldekoagoa du. Ipar hegia da, zirkuak berak ematen dio geriza, eta babestuago dago Aneto eta Ossoue baino, haietan maldak txikiagoak direlako eta klimarekiko lotura handiagoa delako.

Glaziar txikietan masa galera urriagoa da. Zergatik?

I.R.: Batetik, txikiagoak direlako. Baina, bestetik, glaziar txikietan erantzunak aldakorragoak direlako urtetik urtera.

E.I.: Glaziar txikietan joera meteorologikoak asko eragiten du. Adibidez, elurte handi batek eragin ditzake 10-12 metroko pilaketak urte berezi batean. Beraz, luze gabeko erantzun aldakorrak izan litezke, baina luzera begira ez dauka eraginik. Egia da, hala ere, klima erakusle gisa fidagarriagoak direla glaziar handiak.

Pirinioetako glaziarrak ez dira salbuespen bat. Alpeetako glaziarrei zer gertatuko zaien erakusten ari dira?

I.R.: Galera datuak antzekoak dira han eta hemen. Alpe hegoaldeko glaziar txikietan, esaterako, masa balantzeak berdintsuak dira; metro bateko galera izaten da urtero.

E.I.: Gainera, azpimarratu behar da eremu osoan ari dela gertatzen galera. Abuztu bukaeran edo irail hasieran joanez gero, ia ez duzu ikusten aurreko neguko elurrik. Beraz, glaziar batek ezin badu bere pilaketa eremua mantendu, klima hotzagoa delako, hori da zantzu bat erakusten duena, bilatu arren, glaziar horrek ez duela bizirik irauteko modurik.

I.R.: Paisaia berri bat sortuko da. Udan ez da izotzik egongo Pirinioetan. Goi mendiko aintzirak azalduko dira, desagertutako glaziarren ondare. Aneton azaltzen ari da jadanik, eta izango da mendikateko altuenetako bat. Horrez gain, lotuta dago elurraren gaiarekin. Pirinioetan gero eta elur gutxiago egiten du, eta glaziarrak horren sentsoreak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.