Zientzia

Gesaletako altxorra

EHUko Farmazia Fakultateko talde bat Añanako gatzagako mikroorganismoak ikertzen ari da, eta bakterio espezie berri bat aurkitu du. Mikroorganismoen ahalmen bioteknologikoak ere aztertzen dituzte.

Ikertzaileak. Maia Azpiazu eta Ilargi Martinez. RAUL BOGAJO / FOKU.
jakes goikoetxea
Gasteiz
2022ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Ez, Añanako gatzagako (Araba) altxor bakarra ez da gatza. Badu beste altxor bat, giza begientzat ikusezina, mikroskopioekin ez bada:Añanako gesalean, ur gaziak bizia zailtzen duen muturreko baldintzetan, hainbat mikroorganismo bizi dira. Horietako bat, gainera, bakarra da munduan: Altererythrobacter muriae bakterioa.

Añanako gatzaga ezaguna da. Hainbat ikerketa egin dira eta egiten ari dira bertan: historikoak, ondareari dagozkionak, arkeologikoak, hidrogeologikoak... Mikrobiologikoak falta ziren. EHUko Gasteizko Farmazia Fakultateko Mikroiker taldeko ikertzaileak lanean hasi ziren arte. International Journal of Systematic and Evolutionary Microbiology aldizkarian argitaratu dute bakterio berriaren azterketa.

Uretako mikroorganismoak identifikatzen hasi ziren: bakterioak, arkeak eta eukariak. Mota, proportzioak, elkarrekintzak... Gatzagako leku ezberdinetakoak, ur batzuk besteak baino gaziagoak baitira. Badira hipergaziak, Santa Engrazia iturburukoak, esaterako. Bertan aurkitu dute Altererythrobacter muriae. Ur hipergazia izateko %15-20tik gorako gatz kontzentrazioa behar du. Badira ur gaziak ere, itsasoko uraren gazitasunaren (%2-3) eta hipergaziaren artekoak.

Mikroorganismo halofiloak eta halotoleranteak aurkitu dituzte. Halofiloak, bizitzeko gatza behar dutenak; halotoleranteak, gatz kontzentrazio jakin batean bizi daitezkeenak, baina bizitzeko gatza behar ez dutenak.

Orain arteko ikerketetan ikusi dute mikroorganismoen populazioa aldatu egiten dela gatz kontzentrazioaren arabera: zenbat eta gatz kontzentrazio handiagoa, mikroorganismo mota gutxiago; zenbat eta gatz gutxiago, espezie gehiago. «Ur hipergazietan batez ere arkeak aurkitu ditugu; ur gazietan, berriz, bakterioak», zehaztu du Ilargi Martinezek. EHUren Farmazia Fakultateko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko irakaslea eta Mikroiker taldeko ikertzailea da.

Mikroorganismoak ikusezinak dira, ez bakarrik gizakiaren begientzat. Sarritan ez dira biodibertsitate gisa aintzat hartzen; mikroorganismoak, ordea, oso garrantzitsuak dira. «Ezinbestekoak», nabarmendu du Martinezek. «Guztiaren oinarria dira; haiek gabe galduta gaude: materia organikoa birziklatzen dute, haiek erabilitako eta sortutako konposatuak beste batzuek erabiltzen dituzte, karbonoaren eta nitrogenoaren zikloetan parte hartzen dute... Ekologiaren ikuspegitik ere oso garrantzitsua da haiek aztertzea».

Gatzarekin bizitzeko gai

Añanako gesaletako mikroorganismoei dagokienez, gatzak baldintzatzen eta bereizten ditu. Eboluzionatu egin behar izan dute gatz kontzentrazio horietan bizi ahal izateko. «Moldatzen direnek irauten dute, eta gesala haien habitat gisa hartzen dute», Martinezen esanetan.

Berez, halako gatz kontzentrazioarekin, bertako izaki bizidunek, osmosi deitutako prozesu baten bidez, zelulen barruko ura galduko lukete, eta hil egingo lirateke. Baina baldintza horietan bizitzea lortu dute, egokitu egin dira. Nola? «Solutoak [konposatu organikoak] metatzen dituzte zelulen zitoplasman, eta, horrela, berdindu egiten dute zelularen barruko eta kanpoko osmolaritatea». Ondorioa: zelularen barruko urari eusten diote, eta gesalean bizitzeko gai dira. Maia Azpiazuk eman du azalpena. Doktoretza ikaslea da Farmazia Fakultateko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Sailean, eta Mikroiker taldeko ikertzailea. Tesia egiten ari da Añanako gatzagako mikroorganismoei eta haien gaitasun bioteknologikoari buruz.

Berez da interesgarria eta ona jakitea Añanako gatzagan zer eratako mikroorganismoak dauden, nola bizi diren eta zer nolako elkarrekintzak dituzten. Hala ere, hain muturreko baldintzetan bizitzeko gai izateak bestelako interes bat ere gehitzen die: aplikazio bioteknologikoena.

Añanako gatzagan aurkitutako bakterio bakoitza aztertzen dute, ea gaitasun bioteknologikoa duen ikusteko. Bioteknologikoa? «Gaur egun arazo larria daukagumikroorganismoek antimikrobianoen kontra garatutako erresistentziekin», azaldu du Martinezek. Alegia, antibiotiko edo fungizida asko ez dira eraginkorrak bakterioen eta onddoen kontra, horiek erresistentziak garatu dituztelako. Arazo larria eta globala bihurtu da.

Baina mikroorganismo batzuk, Añanakoak esaterako, erabilgarriak izan daitezke erresistenteei aurre egiteko: «Mikroorganismoek produktu batzuk sortzen dituzte, antibiotikoak, inguruko mikroorganismoak hiltzeko eta habitat batean nagusi izateko. Guretzat erabilgarriak izan daitezke, mikrobio patogenoen kontra».

Ikerketa arlo garrantzitsua da antibiotiko berrien ikerketa eta aurkikuntza. Mikroiker taldeko ikertzaileek ikusi dute Añanako gatzagako andui batzuek badutela mikrobioen kontrako gaitasuna. Horretarako, gizakiarentzat patogenoak diren anduiekin probatu dituzte. Patogenoa hil dute, edo haren hazkuntza galarazi.

Mikroorganismoen beste erabilera bioteknologiko batzuk biorremediatzeari lotuta daude, hau da, mikroorganismoek konposatu organikoak degradatzeko duten gaitasuna baliatzea substantzia toxikoak deuseztatzeko, eraldatzeko edo indargabetzeko. Mikroorganismoak interesgarriak eta erabilgarriak dira elikadura eta kosmetika industriarentzat ere, pigmentuak lortzeko, esaterako.

16S rRNA genea

Ikertzaileek ur laginak biltzen dituzte Añanako gatzagan; ura iragazi egiten dute, garbitzeko; ur garbia Petri plaketan jartzen dute, mikroorganismoentzako elikagairen batekin, «gure kasuan itsas agarrarekin», zehaztu du Azpiazuk; ikusten dute ea plaketan mikroorganismoren bat hazten den, koloniaren bat sortzen den, eta, «zerbait haziz gero, horiei probak egiten dizkiegu», osatu du azalpena Martinezek.

Probak, mikroorganismoak identifikatzeko. Haien azterketa genetikoa egiten dute. «16S rRNA gene unibertsala erabiltzen da normalean», argitu du Martinezek. «Mikroorganismoaren DNA erauzten dugu, eta gene horren PCR bat egiten dugu». 16S rRNA markatzaile bat da: arkea eta bakterio espezie bakoitzak sekuentzia propioak ditu gene horretan, eta, horrela, sekuentzia jakin bat datu baseetako sekuentziekin alderatuta, zer espezietakoa den jakin dezakete.

Altererythrobacter muriae bakterioaren kasuan, haren sekuentzia datu baseetakoekin alderatzean, konturatu ziren ez zuela parekorik. «Ikusi genuen aurretik deskribatutako bi bakterio espezieren artean zegoela, ez zela ez bata, ez bestea», Azpiazuren arabera. Ez zen ez Altererythrobacter marensis, ez Altererythrobacter aquamixtae.

Bakterio espezie berri bat aurkitu zuten. Izendatu behar zuten. Altererythrobacter muriae izena jarri zioten. Altererythrobacter nahitaez jarri behar zioten, hori baita bakterioaren generoa; muriae gehitu zioten, gesala latinez.

Eta, Añanakoa gatzaga izanda, mikroorganismo horiek ba al dute funtziorik edo eraginik gatzaren sorreran? «Teoria batzuek diote baietz», Azpiazuren arabera: «Uste dute baietz, lehen gatz kristala sortzeko urratsean, likidotik solido izatera pasatzen denean, arkea batzuek parte hartzen dutela, kristala zerbaiten gainean sortzen hasten dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.