Euskararen Legearen erreforma

Zonifikazioa, itoginez betea

Gaur bukatuko da Nafarroako zonifikazioaren mugak aldatzeko proposamenari zuzenketak egiteko epea. Eremu mistoan sartzeko 43 eskaera erregistratu dituzte, eta eremu euskaldunera joateko bat

Ion Orzaiz.
Iruñea
2017ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Pitzaduraz bete da zonifikazioaren harresia. Gaur bukatuko da Nafarroako eremu linguistikoak moldatzeko lege proposamenari zuzenketak aurkezteko epea, eta, azken orduko ezustekorik ezean, 43 udalerri eremu ez-euskaldunetik atera eta eremu mistoan sartzeko proposamena tramitatuko dute Nafarroako Gobernuari eusten dioten taldeek. Iragan otsailean abiatu zen prozesu parlamentarioa, udalen beraien eskaera bati erantzunez. Hasiera batean, 11 udalerrik onartu zuten eremu ez-euskalduna uzteko mozioa; lege proposamenaren tramitazioak iraun duen bitartean, ordea, laukoiztu egin da kopuru hori. Azkenean, 39.000 herritar ingururi eragingo die aldaketak.

Lehen egunetan, Lizarra inguruko herri txikiek eskatu zuten aldaketa —eremu mistoaren eta ez-euskaldunaren arteko mugatik hurbilen zeudenak—, baina azken hilabeteetan, hegoalderago mugitu da marra, eta tamaina handiko zenbait udalerrik ere bat egin dute proposamenarekin. Eremu mistora pasatzeko eskatu dute, besteak beste, Tafalla (10.600 biztanle), Zangoza (5.000) eta Erriberriko (4.000) udalek. Lege proposamenean azaltzen diren 43 udalerriez gain, ordea, badira zalantzan dauden beste bi kasu ere: Genevilla eta Nazar. Mozioa aurkeztua dute udal horietan, baina oraindik ez dute eskaera parlamentuan tramitatu.

Ez dute denbora asko, gaur itxiko baita zuzenketen epea, eta herri guztien eskaerak tramitatuta, aurrera eginen du prozedura parlamentarioak. Hala, lege proposamena behin betiko onartu aurretik, Foru Araubideko Batzordean eztabaidatu beharko dute legebiltzarkideek. Heldu den maiatzaren 23an izanen da hori.

Genevilla eta Nazarren bezala, Aiegin ere azken unera arte itxaron dute zirt edo zart egiteko: atzo bozkatu zuten eremu mistora sartzeko mozioa udalbatzan, eta ezezkoa gailendu zen. EH Bilduk eta Iratxe hautesle elkarteak aurkeztu zuten eskaera, baina Ayegui Unido (Aiegi Batua) taldeak gehiengo osoa du han. Horren ordez, herri kontsulta bat egiteko aukera planteatu zuen alkateak, baina horretarako, Espainiako Gobernuaren onespena beharko du udalak. Erabaki hori «eztabaida geroratzeko azpijokotzat» jo zuten proposamena aurkeztu zuten hautetsiek.

Dena den, Aiegikoa ez da eremu mistoaren inguruan sortutako polemika bakarra. Mañerun, esate baterako, herritar talde batek eskatu zuen eremu aldaketa, eta, udala mugitzen ez zela ikusita, 178 sinadura aurkeztu zituzten (herriko erroldaren %50etik gora). Mañeruko Udalak, baina, bereari eutsi zion, eta mozioaren kontrako botoa eman zuten zinegotzi gehienek.

Ofizialtasunaren zain

Udalek, ordea, eremuz aldatzetik harago jo dute euren mozioetan, eta eskaera baliatu dute ofizialtasunaren aldeko aldarria egiteko. Testuotan diote Nafarroak «berezko bi hizkuntza eta hiztun komunitate» dituela, eta horrek obligazioak dituela: batetik, hizkuntza eskubideak bermatzea; bestetik, «elkarbizitzaren eta aniztasunaren balioen gainean euskararen erabilera eta ezagutza sustatzea». Aitortu dute, halaber, Nafarroan egoera ezberdinak daudela, eta horrek «hizkuntza politika berariazkoak eta malguak» eskatzen dituela. «Dena den, hori ez da aitzakia pairatzen dugun hizkuntzagatiko diskriminazio egoera larriak onartzeko».

Argudio bertsuak erabilita, ofizialtasunaren aldeko aldarria koska bat harago eramatea erabaki du Atezko Udalak aste honetan, eremu mistoa utzi eta eremu euskaldunera pasatzeko eskaera eginda. Euskara hizkuntza ofizial bihurtuko luke horrek herrian: administrazioan zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea izanen lukete herritarrek, eta lanpostu publikoetan pisu handiagoa izango luke euskararen ezagutzak.

Hain zuzen, eskubideak eremuka banatzen segitzea kritikatu dute euskalgintzako eragileek. Zonifikazioaren mugak mugitzea ez, muga horiek eraitsi behar direla uste dute euskararen sustapenean dabiltzanek. Atzo 1986ko legearen aurka mintzatu zen Kontseilua. «Legea eraisten ez den bitartean, betikotu egingo da nafarren arteko bereizkeria», adierazi zuen Paul Bilbao idazkari nagusiak, euskara administrazioan arautzeko dekretuaren harira kaleratutako idazki batean. Gobernuak «nafarren arteko kohesioa» bilatu beharko lukeela gaineratu zuen.

Laukoa, ordea, ez da gauza izan zonifikazioa ezartzen duen Euskararen Legea indargabetu eta berri bat idazteko. Itun programatikoa adosteko negoziazioetan, Ezkerra koalizioak jarritako «marra gorria» izan zen hura. Jose Miguel Nuin buru duen taldeak, halere, kontrako jarrera erakutsi zuen 2010ean eta 2011n. Orduan, lege proposamen bat aurkeztu zuten, «euskara Nafarroa osoan ofizial izateko eta zonifikazioa bertan behera uzteko».

Gaur egun, euskararen lege berri bat adostearen alde azaldu dira Nafarroako Gobernuari eusten dioten lau indar politikoetako ordezkariak. Ñabardurekin, baina alde. Auzia, ordea, ez dago mahai gainean oraindik, eta ez dirudi aurki egonen denik. Ez, behintzat, legealdia bukatu aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.