Idurre Eskisabel Larrañaga.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Etxekotuak

2021eko otsailaren 12a
00:00
Entzun

Ez da kontu berria. Aspaldi da Ikean ohe eta armairuez gain iragarki xaloz mozorrotutako konbentzimendu bat erosi genuela: etxea dela gutako bakoitzaren errepublika independentea. Etxea dugula euritik eta hotzetik babesteko aterpe ez ezik kale arriskutsutik eta bestearen mehatxutik gordetzeko gune bakarra. Aspaldi da askatasuna etxeko hormen artean kaiolatu genuela, nor izatea bakoitzaren erosahalmenak baldintzatutako metro koadro kopurura murriztu genuela.

Ez da kontu berria, ezta ere, hedabide salduenetan (hots, erosienetan) kazetaritza zuzenaren arauek agindutakoak urratuz ematea lapurreta, eraso eta herritar xumeen arteko orotariko liskarren berri: kontakizuna puztuz, garrantzia biderkatuz, egiturazko elementuak ezkutatuz. Aspalditik, gertakari hutsal izendatutako albisteetan ideologia gehiago isurtzen da politikakoetan baino. Hondoko ideologia gogorra: kalea mehatxua da; hurkoa, bestea, beti erasorako prest den etsaia.

Akaso, berrixeagoa da gure etxeak kamera eta alarma bidez gotortzeko deia egiten diguten iragarkien etengabeko errepika (securitas, securitas, securitas). Berrixeagoa den bezala sofatik mugitu gabe nahierara entretenitzeko ez ezik munduarekin harremanetan jartzeko are, mundua nahierara eratzeko askotariko eduki pantailaratuen eskaintza.

Alegia, aspaldi hasi genuela etxekotze masiboa, kalearen galera. Arestian zirriborratutako bi zutoinen gainean: batetik, besteengan, etengabe, mehatxua ikustea. Bestetik, geure zilborretik apenas aldendu gabe astia (denbora, bizitza) betetzeko trepeta mordoa.

Lehendik horixe zen joera, eta, orain, izurriarekin, bider hamaika. Denok kutsatzaile eta denok mehatxu garen heinean, erabat lausotu zaigu hurkoa. Etxekotzea norberarentzako babeslekuaz gain ardura zibikoaren eredu eta arau bihurtu da. Azken batean, normalitate berriak asko du jendeon egunerokotasuna erregulatzeko arauen ugaritze eta gogortzetik ez dator alferrik normalitatea latinezko norma-tik. Helburu eta zeregin zehatz eta jakinez baino ez zaigu arauzko etxetik ateratzea: lanerako, kontsumorako, kirolerako... Errendimendurako.

Inoiz baino susmagarriagoa zaigu besterik gabe kalean ibiltzea, are, egotea —galdetu, bestela, Donostiako Trinitateko gazteei—. Eta kalea dugu hurkoarekin ez ezik bestearekin topo egiteko leku behinena, niaz eta guaz bestekoa hezur-haragiz ezagutu eta bizitzekoa. Ondorioz, aurreiritziak arrakalatzekoa, telebizitzak eta algoritmoek etengabe elikatzen duten pentsamendu bakarrerako joera autozilbortua zapartatzekoa. Askatasunaren eta erabakimenaren egiazko probalekua.

Noizbait ebatziko dugu gainditu dugula pandemia... Honek guztiak zokorik barnekoenetan zizelkatu dizkigun beldur, aztura, arau eta egiteko zein izateko molde berriak gaindituko ote ditugun, hortxe zalantza.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.