jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Urrutiko suei begira

2018ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Urrutikoak izanagatik, ohikoak eta gertukoak zaizkigu udan munduko edozein bazterretan sortutako suteak. Orain Greziakoak dira, baina lehen Galiziakoak, Portugalgoak, Espainiakoak, Ameriketako Estatu Batuetakoak, Australiakoak, Txilekoak ere izan dira. Greziako suteari buruzko irudi eta testigantza lazgarriak iristen ari dira: errauts bihurtutako bizitzak, kiskalitako etxeak eta zuhaitzak, urtutako autoak, kezko zeruak, etsipenezko eta izuzko begiradak, itsasertzean babes hartutako greziarrak, abaildutako suhiltzaileak, herritarren arteko elkartasuna... 70 hildako baino gehiago, dozenaka zauritu eta hainbat desagertu.

Hori guztia, hemendik milaka kilometrora. Euskal Herrian ez dira ohikoak sute handiak, baina horrek ez du esan nahi sute arriskurik ez dagoenik. Eta horrek ez du esan nahi sute arriskuak gutxitu behar ez direnik. Horretarako, merezi duen garrantzia eman behar zaio, besteak beste, baso politikari. Zer landatzen den, zertarako, eta horrek zer ondorio izan ditzakeen. Ez orain bakarrik, baita hainbat urte barru ere, baso politikak epe luzeko ondorioak baititu, eta gaur egungo erabaki okerrek etorkizuneko ondorioak okertu baititzakete. Eta hor zer pentsatua eman beharko lukete pinuaren nagusitasunak, eukaliptoaren hazkunde etengabeak eta basoen zainketa premiak. Orain urrutiko sua dena gero hemengoa izan ez dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.