mikel p ansa
HIZPIDEAK

Pertzepzioak

2019ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Pobrezia neurtzeko ikerketek beti sortzen dituzte arazoak. Pobrezia kontzeptu lausoa izan litekeelako, eta inork ez duelako jendaurrean aitortu nahi pobrea dela. Eta, gainera, pobrezia neurtzeko ez dagoelako estandar bakar bat; zeinek bere metodoakerabiltzen ditu, eta, askotan, ez dira bateragarriak. Gainera, pobreziari buruzko inkestetan, aldagai nahasgarri bat txertatzen ohi da, pobrezia subjektiboa, zeina pertsona bakoitzaren iritzi adierazian soilik oinarritzen den.

Egia da neurtzeko nekeza suertatzen dela pobrezia, nazioarteko erakundeek ez baitute ahaleginik egin estandar bat sortzeko. Barne produktu gordina neurtzeak ere antzeko problemak sor zitzakeen, baina nazioarteko erakundeak bat etorri dira estandar bat ezartzeko. BPGa igo edo jaitsi den kalkulatzeko, ez zaie herritarrei galdetzen hazkundearen pertzepzioaz. Ez dira ikerketak egiten usteekin —soilik—, baizik eta —batez ere— datuekin.

Nabarmena da Jaurlaritzak pobreziari buruzko ikerketarekin egin duena: datuak aurkeztu eta esplikatu beharrean, herritarren pertzepzioaren berri eman. Azken hogei urteetako pobrezia tasarik handiena neurtu dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina Jaurlaritzaren oharrak soilik nabarmendu du pobreziari buruzko pertzepzioa hobetu egin dela. Uztailean, EH Bilduk salatu zuen ezkutatuta zegoela txosten hori. Orain, Jaurlaritzak erdizka eman ditu datuak; eta irailaren 25ean bilera bat egiteko asmoa duela iragarri du. Zeharka eta esan gabe, esaten ari da larria dela arazoa. Eta bai, hau ere pertzepzio bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.