Roger Torrent. Kataluniako Parlamentuko presidentea

«Ondorio pertsonalak ez zaizkit axola, aurrera egiteko balio badu»

Inhabilitatua izateko arriskuan dago, autodeterminazioari buruzko ebazpen bati bide emateagatik. Uste du beharrezko «pizgarriak» sortu behar direla estatuak negoziatzera esertzea «beste erremediorik» izan ez dezan.

Igor Susaeta.
Bartzelona
2019ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Kataluniako Parlamentuan txirrin hots batek ematen du abisua osoko bilkura bat hastear dagoenean edo diputatuek ganberan zerbait bozkatu behar dutenean. Bi txirrin hotsen arteko tarte aurrez zehaztu ezinezko batean, presaka ibili gabe erantzun ditu galderak Roger Torrentek (Sarria de Ter, Katalunia, 1979), iazko urtarriletik ganberako presidentea denak. ERCko ordezkari gisa, «gehiengoak» ditu ahotan: «Datak zehaztea baino hobea da gehiengoak indartzea». 2015etik gaurdaino Katalunian egin izan diren bozetan, boto independentista %50 ingurukoa izan da. Zenbaki horri erreparatzen dio Torrentek, bai, baina baita beste bati ere. «Badakigu gure indarra mobilizazio sozialak eta Kataluniako gehiengo handiak direla. Gehiengo handi horiek gaur egun esaten dute ez dutela errepresiorik nahi, eta irtenbide demokratiko bat nahi dutela; katalanen ia %80 dira horiek. Guk gehiengo horiek lantzen jakin behar dugu. Agertu behar du, indar horrek emango digulako modua estatua negoziatzera esertzeko baldintza objektiboak sortzeko».

Joan den astearekin alderatuta, asteon behera egin dute sententziaren aurkako protestek eta mobilizazioek, bai kopuruz, baita intentsitatez ere. Nola interpretatzen duzu hori?

Herrialdeko mugimendu sozialek eta politikoek badakigu mobilizazio iraunkorren ziklo politiko bat izango dela hau; ez dela bukatzen lehen astearekin, ezta bigarrenarekin ere, eta, zoritxarrez, luze joko duela. Errepresioaren zirkunstantziek iraun egingo dute. Beraz, uste dut oraintxe bertan mugimendu soziala zera dagoela, honi luzaroan eutsi beharko zaiola ulertzeko fasean. Ondo aukeratu behar dira mobilizazio eraginkorrak, baldintza objektiboak sortze aldera estatua irtenbide demokratiko bat negoziatzera eser dadin.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ez du hitz egin nahi Quim Torra Generalitatekoarekin. Nola gorpuztu daiteke bi gobernuen arteko negoziazio bat, Moncloak behin eta berriz ukatzen duenean autodeterminazio eskubidea?

Beharrezko pizgarriak sortu behar dira, estatuak esertzea beste erremediorik izan ez dezan. Mobilizazioek rol ezinbesteko bat jokatzen dute horri dagokionez, baina baita estatuaren gobernagarritasunean eragiteko dugun gaitasunak ere. Gatazka konpondu beharrean kronifikatzen ahalegintzen den estatuko edozein gobernuk oso zail izango du botereari eustea. Bestetik, nazioarteko frontea dago. Hori da beste adarra, eta jakin behar dugu nola kudeatu, salatuz oinarrizko eskubideen urraketa eta estatuaren jito autoritarioa.

Torrak eta Sanchezek ez dute elkarrekin hitz egiten; ordea, badira kontaktuak bi presidenteordeen artean, Pere Aragones eta Carmen Calvoren artean. Zer helburu dute kontaktu horiek?

Guk beti esaten dugu gatazkaren irtenbidea, negoziazio marko baten barruan, multilaterala izango dela. Eta hala izango da, zuzenean edo zeharka, gatazkaren irtenbideak hainbat eragile politikori eragiten dielako. Eragile horiek guztiek parte hartuko duten jokaleku bat egongo da azkenean.

Baduzu konfiantza, hortaz, molde horretako jokaleku batean.

Bai, sinetsita nago. Prozesuak ez du atzera-bueltarik; independentzia itzulezina da. Bai, egia da, duela hilabete batzuk edo urte batzuk pentsatu baino luzeagoa izango da, eta kostu handiagoak eragingo ditu. Baina badakigu ez duela atzera-bueltarik. Modu ahalik eta zentzudunean jokatzea dagokigu, aipatutako baldintza horiek sortu eta egoerari irtenbide bat emateko erreferendum baten bidez.

Kanadak Quebecerako eta Erresuma Batuak Eskoziarako egin bezala, guk ere Argitasunerako Lege bat ezartzeko beharra planteatu izan dugu Madrilen. Denboran irauten duen eta galdetua izan nahi duen gehiengo bat dagoenean, demokrazia batek ezin ditu denbora guztian begiak itxita eduki; horri ezin zaio eutsi, ezin da egoera hori betikotu. Prozesua saihetsezina da, geldiezina.

Esquerrak ontzat emango luke Katalunia Espainiako Estatuan birkokatzea?

Ez da alderdi baten edo bestearen kontua. Hemen mugimendu sozial bat dago, eta autodeterminazio erreferendum bat nahi du. Hori ikusi da kalean, eta parlamentuko gehiengoetan. Kataluniako herritarren mandatu argia dugu, eta hori da kataluniarren erabakitzeko eskubidea defendatzea.

Catalunya En Comuk planteatu du negoziazio mahai bat, adosteko Espainiaren eta Kataluniaren arteko «itun berri bat». Bigarren pausoa litzateke kataluniarrek bozkatzea akordio posible hori.

Bakoitzak jar dezala bere proposamena elkarrizketa mahaian. Gure proposamena independentzia da, errepublika, eta mahai gainean jarriko dugu. Estatuak, gehiengo politiko jakin batzuen ondorioz, Kataluniarentzako proposamen politiko bat badu, jar dezala mahai gainean, eta bozka dezagun. Ez badu jartzen, horrek esan nahi du, edo ez daukala, edo hauteskundeen emaitzen beldur dela. Oso kezkagarria da ikuspuntu demokratiko batetik.

Gaur-gaurkoz, zientzia fikzioa dirudi Espainiako Gobernu batek autodeterminazio eskubidea irtenbide gisa onartzea.

Eta, bestela, zein da irtenbidea? Gatazka betikotzea? Hau ez da desagertuko. Gainera, azken hauteskunde zikloan ikusi ahal izan da independentismoa hazten ari dela. Gatazka betikotzeko ahalegina zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa izango da erantzun demokratikoa.

Auzitegi Konstituzionalak zuri egindako ohartarazpenak gorabehera, Parlamentuko Mahaiak tramitatu du autodeterminazio eskubidea defendatzen duen ebazpen proposamen bat. Prest agertu zara horri bide emateak eragin diezazkizukeen ondorio judizialak onartzeko.

Bai, merezi duen borroka bat delako. Parlamentu batean adierazpen askatasuna defendatzea oinarrizkoa da. Zentsurari legebiltzarrean sartzen utziko bagenio, arituko ginateke onartzen zeri buruz hitz egin daitekeen eta zeri buruz ez. Hori onartezina da ikuspuntu demokratiko batetik. Guk diputatu guztien, 135en, oinarrizko eskubideak defendatzen ditugu. Ez dugu zalantzarik eduki. Hori bera defendatu zuen Carme Forcadellek [parlamentuko aurreko presidenteak], eta egia da kartzelan dagoela, hain zuzen, debate parlamentarioei bidea emateagatik. Halere, errepresioak ezin du eragotzi guk defendatzea demokrazian ezinbestekoa dela uste duguna.

Baina aintzat hartuta Espainiako Estatuak nola jokatzen duen, inhabilitatu egin zaitzakete eztabaida hori ahalbidetuz gero.

[Besoak zabaldu ditu, «zer egingo zaio, bada» adieraziz bezala]. Lehengoan ere esan nuen horren kostu guztiak onartuko ditudala. Beti esan izan dut instituzioetan hartzen ditugun erabaki politikoek galdera bati erantzun behar diotela: aurrekoa baino agertoki hobea irekitzen du? Hau da, gure erabaki guztiak eraginkorrak izan daitezela, eta aurrera egiteko modua eman diezagutela. Hala bada, merezi du. Ondorio pertsonalak ez zaizkit axola, aurrera egiteko balio badute.

Ebazpen bat onartzeak aurrera egiteko modua ematen du?

Tira, adierazpen askatasuna defendatzea ahalbidetzen du. [Ebazpen bat] Parlamentu baten iritzia da. 2014ra arte, Auzitegi Konstituzionalak doktrina bat zuen, eta, horren arabera, iritziak libreak ziren parlamentuetan, eta, esaten zutena esaten zutela, ezin ziren zentsuratu. 2014an aldatu zuten; ebazpenak ere inpugnatu eta jazartzeko modukoak bihurtu zituzten.

Egia da ebazpen bat onartzeak ez duela berehalako ondorio betearazlerik, baina alternatiba askoz ere okerragoa da: zentsura onartzea Kataluniako Parlamentuan.

Horren guztiaren harira, JxC Junts Per Catalunyak gogor kritikatu izan zaitu, 2018ko urtarrilean ez zenuelako ahalbidetu Puigdemont telematikoki inbestitzeko saioa.

Horretan beti izan naiz koherentea. Edozein ekintzak eraginkorra izan behar du. Eta, kasu zehatz horretan, zein zen eraginkortasuna? Presidenteak kargua hartzea, kontseilariak izendatu ahal izatea, eta gobernatzea. Baina hori ezin zen.

ERC eta JxC izango al dira estrategia bat adosteko gauza?

Uste dut transmititzen dakigun adostasuna baino handiagoa dugula. Parlamentuan ebazpen gehienak elkarrekin onartzen eta bozkatzen ditugu. Hori mugimendu independentistak duen indarraren seinale da. Baina egia da, era berean —eta autokritika egin beharra dut—, azken hilabeteotan ez dugula nahikoa argi adierazi zer bide egin nahi dugun ziklo politiko berri honetan.

Bada denbora bat Esquerrak parlamenturako hauteskundeetara deitzeko eskatzen duela. Zertan izan daiteke lagungarria legebiltzarreko ordezkaritza subiranistaren berrantolaketa moduko bat?

Guk beti esan izan dugu fase berri honetan instituzioak indartu behar ditugula. Perspektiba horretatik, uste dugu ezin zela baztertu indartze horretarako edozein aukera. Aukera onena iruditzen zait niri, eta kontzentrazio gobernu bat proposatu nuen. Horrek, noski, eragina edukiko zuen gobernuan, baina baita, esaterako, aurrekontuak onartzeko gehiengoetan ere. Gobernua apur bat pluralagoa litzateke.

Comukoekin?

Agenda errepublikano batean bat datorren edozeinekin. Sintetiza dezagun: askatasuna, amnistia eta erreferenduma. Horiek dira paradigma politiko berriko hiru zutarriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.