mikel p ansa
HIZPIDEAK

Alde bakar batekin, ezin

2019ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Autodeterminazio prozesuak aldebakarrekoak izateak kaltea besterik ez duela eragiten askok esan dute. Baina bake prozesua aldebakarrekoa izatearekin halako kezkarik ez dute hori aipatu ohi duten eragile gehienek. Eta, hain justu, bake prozesua aldebakarrekoa izatearen ajeetako bat agerian gelditu da azkeneko egunetan, kartzelatik atera berri diren presoen ongietorriekin. Gauzak bestela izango lirateke bake prozesua alde askotakoa balitz, eta horrelako auziei buruz hitz egiteko eta negoziatzeko mahaiak eratu izan balira; adibidez, biktimak aitortu etazaintzeko mahaia; adibidez, egiaren batzorde bat; adibidez, presoen auzia bideratzeko mahai bat; adibidez, gatazkak utzitako ondorioei buruz solastatzeko foroak. Deus ez da halakorik. Eta horrek dena zailtzen du. Alde batek baldintzak jartzen ditu, eta besteak bere kasa ikusi behar du baldintza horiek bete nahi dituen, edo ez. Arriskuz betetako bide bat da, presioa beti alde berean jartzen bada alde hori nekatzeko arriskua baitago. Eta problema harrerez eta ongietorriez harago doalako. Atzo jakin zen, adibidez, Josu Urrutikoetxeak ebakuntzaren zain jarraitzen duela, kartzelan. Ezin dira gatazkaren biktima eta eragile guztiak mahai berean jarri eta era berean tratatu, noski. Baina bakoitza bere etxetik builaka ari den bitartean, nekez sortuko da plazan elkargunerik. Elkarrizketa gehiago behar du bake prozesuak, eta hedabideen presio udatiar gutxiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.