mikel p ansa
HIZPIDEAK

Fatalismoa

2019ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Lan istripu bat gertatzen denean eta langile bat hiltzen denean, askotan, fatalismoz egiten dira analisiak. «Ezin saihestuzkoa izango zen, gertatu denerako», pentsatzen du askok. Sindikatuek, gehienetan, prekaritatea aurkezten dute lan istripuen errudun gisa, baina hainbeste lan istripu gertatzeak eta hainbeste alditan prekaritatea salatzeak gastatu egiten du argudioa. Eta fatalitatearen ideia nagusitzen da azkenerako: ezin saihestuzkoa zen. Baina zartagin bat sutan jarriz gero, eta olioa berotuz gero, eta eskua barrura sartuz gero, fatalitatetik gutxi dauka horrek, eta arduragabekeriatik asko. Langileak hamabi orduko lan txandetan aritzera behartzea, obra bukatzeko presa sartzea... ez dira fatalitate bat, arduragabekeria baizik. Eta hogei metrotik langile bat erori baldin bada eta ez bada hil, hori ez da zorte kontua. Zartagina sutan jartzea erabaki egin liteke; eta olioa berotzen jartzea ere bai; eta eskua barrura sartzea ere bai.

Muskizen beste langile bat hil zen atzo, orga batek harrapatuta. Goiz da esateko fatalismoagatik izan den edo utzikeriagatik; ikerketak zerbait argituko du akaso. Anoetako estadioko obran istripua izan zuen langilea ez da hil. Baina horretan fatalitateak baino erantzukizun handiagoa izan du utzikeriak. Eta, batez ere, instituzio publikoen utzikeriak; salaketak ezagututa eta langileak obra horretan nola ari diren jakinda ez duelako esku hartu. Sustoak hartzen dira gero, aurretik neurriak hartzen ez direnean. Ez da fatalismo kontua; ardura kontua baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.