Garikoitz Goikoetxea.
HIZPIDEAK

Matxismoaren atzaparrak

2020ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Bost gizon atzeman ditu Foruzaingoak, Orkoienen emakume bati taldean eraso egiteagatik: epaileak kartzelara bidali ditu hiru, eta baldintzapean aske utzi ditu bi. Zitak egiteko aplikazio bat baliatuz eraso diote emakumeari: hitzordua jarri zuten, eta andreari sexu erasoa egin zioten bost gizonek, elkar hartuta. Iruñeko auzitegia ari da eraso salaketa hori ikertzen.

Taldeko beste eraso bat, teknologia berriak baliatuta egindako beste eraso bat. Mezu arriskutsuak zabaltzen ari dira horren bueltan, erasoaren ardura hura jasan duen emakumearen gain uzten dutenak: ezezagunekin ez zukeela hitzordurik egin behar, arriskutsua dela horrelako aplikazioetan ibiltzea, bakarrik ez zukeela joan behar, aplikazio baten bidez zita egin izanarekin emantzat har daitekeela sexu harremanak izatea. Finean, erasoa jasan duen emakumea berriz biktima egitea dakarten mezuak.

Kasu honek berriro agerian jarri du norainokoak diren indarkeria matxistaren erroak eta atzaparrak. Eta hori da jorratu beharreko mezua, landu beharreko arloa: ez emakumeek zer arropa daramaten edo zer zita egiten dituzten, baizik eta gizon erasotzaileek nola hartzen duten elkar, nola baliatzen dituzten kale bazterraren iluna edo Interneten itzala, nola baliatzen duten beren boterea emakumeei eraso egiteko. Kontua ez baita atzaparretatik ihes egiteko eskatzea, atzaparrak desegitea baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.