Hispanitatearen Egunak protesta giroa ekarri zuen atzo, ohi bezala, Euskal Herrira. Iruñean zehazki, Felipe VI.a Espainiako erregearen eta Kristobal Kolonen figura erraldoiek lurrean amaitu zuten, bururik gabe, Espainiaren izaera inperiala salatzeko egin zuten performancean. Madrilen, berriz, Felipe VI.aren aldekoak entzun zitezkeen Espainiaren egun handiaren ospakizunak egin ziren lekuan. Bi irudiok islatu dira, nolabait, Espainiako Komunikabide Independenteen Plataformak egin duen inkestan. Katalunian eta Euskal Herrian ozta-ozta dabil %3an monarkiaren babesa, eta Espainian, logikoki, eskuinak indarrik handiena duen lekuan lortzen du babes handiena —bide batez, esan behar da Eliza katolikoa dela, monarkiaren atzetik, gehien zigortutako instituzioa—.
Halere, errepublika baino babes txikiagoa leku guztietan dauka, eta zer pentsatua eman beharko lieke Espainiako monarkiari eta hura babesten dutenei, inkestan parte hartu duten 3.000 pertsonaren %40,9kemango bailukete errepublikaren aldeko botoa erreferendum bat eginez gero. Aldiz, %34,9k egingo lukete monarkiaren alde.
Baina jarraituko dute urtez urte Hispanitatearen Egunean burua tente, demokrazia osasuntsu batean lekurik ez luketela jakinda ere, Espainian daude eta, monarkiaren errepublikan.

HIZPIDEAK
Monarkiaren errepublikan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu