mikel p ansa
HIZPIDEAK

Bista motza

2022ko abenduaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Irandik heldu diren berriek adierazten dute kontrola galduta dabilela Estatua, justu kontrakoa erakutsi nahi duen arren. Mohsen Shekari gaztearen exekuzioa abisu bat da. Badirelako beste hogeita gehiago lagun hiltzeko kondena baten mehatxupean. Eta azkar egin du Iranek, gainera: hamar aste eskasean atxilotu, epaitu eta exekutatu dute Shekari. Protestatzera ateratzen ari direnentzako abisu gogor bat: «Ez dugu barkatuko». Baina kontrakoa ere eragin dezake. Mahsa Amini neska gaztearen heriotzak eragindako protesta oldea ez da apaldu hiru hilabetean. Nazio Batuen Erakundeak esana du 400 bat herritar hil dituztela indar armatuek. The Guardian egunkariak bart kaleratutako informazioen arabera, poliziak perdigoi tiroak ematen ari dira manifestariei. Begietara tiro egin diete ehunkari, Irango hainbat medikuren testigantzetan jaso dutenez. Izuaren izuz, etxeetan ari dira zaurituak artatzen. Eta debaldekoa ez den xehetasun gordin bat: emakume manifestariei aurpegira eta genitaletara ari zaizkie perdigoiak tiratzen. Iranen erantzuna: AEBen maniobra gaizto bat dela guztia. Bai. AEBek aprobetxatu nahiko dute edozein aukera Irango Estatua desorekatzeko eta iraultzeko. Egia da hori. Baina momentu honetan, Amini hil eta hiru hilabetera, Irango agintariek ez dute arazo bat AEBekin, baizik eta bere herritarrekin. Eta, hori ikusteko gai ez badira, itsutu dituzten manifestariek baino bista motzagoa dute Irango agintari gorenek oraintxe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.