mikel p ansa
HIZPIDEAK

Egiaren putzu beltzak

2023ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Espainiako Estatuaren indarkeria jasan dutenak aitortu eta erreparatzeko batzordearen buruarena, Martin Zabalzarena, da esaldia: «Europan edo munduan ez dugu egiaren batzordeari buruzko aurrekari gehiegirik». Eta egia da. Hego Euskal Herriko administrazioek ia hutsetik asmatu behar izan dituzte legeak eta biktima horiek aitortzeko prozedurak, ez baitute eredu garbirik kopiatzeko. Eta gauza ezaguna da administrazioek, sarri askotan, bere kideen ereduak erabiltzen dituztela zerbait berria abiatu behar dutenean. Zailtasuna bikoitza da, beraz: horrez gainera, Estatuak berak egin beharko lukeen lana eta aitortza modu subsidiarioan ari baitira egiten. Madrilek, munduko gobernu guztiek bezala —horretarako, berdin dio kapitalista, komunista edo islamista izan—, ez du aitortu berak egindako kalteen eta biktimen zerrenda, eta Eneko Etxeberriak, Naparraren anaiak, gogorarazi duen bezala, Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko ere ez dago prest. Horrexegatik falta dira egiaren batzordeak munduan eta Europan. Eta horregatik da inportantea, bere ezintasun, gabezia eta hutsune guztiekin bada ere, Hego Euskal Herriko administrazioek abiatutako bidea. Aitortzak eta erreparazioak erdizkakoak badira ere, munduko eta Europako estatuek alfonbraren azpian ezkutatuta nahiko lituzketen hauts horiek harrotzeko, eta egiak putzu beltz asko dituela erakusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.