mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Eguraldiaz

2021eko abuztuaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bero bolada bat ailegatzear da Euskal Herrira. Akabo udarik gabeko Euskal Herriaren meme kantaurizentristak. Eztabaidak hartu ditu etxebizitza anitzetako igogailuak, egun eguzkitsu eta beroen faltaz kexu direnen eta muturreko tenperaturarik gabeko lurralde batean bizitzearen apologisten artean.

Mediterraneoaren ekialdean sute izugarriak pairatzen ari dira, muturreko beroaldiak eraginda. Ez da denbora anitz igaro, gainera, Europako bertze zona batean uholdeek luzerako ondorioak utzi zituztenetik. Zientzialariek berriz ohartarazi dute muturreko fenomeno meteorologikoak areagotu eginen direla, eta herrialde industrializatuenak ez direla horietatik salbu egonen —hain zuzen, planetaren berotzean erantzukizun handiena dutenak—.

Horrek tenperatura eramangarri samarrak dituen Euskal Herriarentzat ere balio duela ulertu beharko da: zenbat belaunaldi gehiagok ezagutuko dute Kontxako hondartza? Metroa eraiki orduko urpekoa egin beharko al da? Adabakiak onartzen ez dituen aldaketa bat da zientzialariek eskatu dutena. Eredu energetiko osoa berrikustea, eta aldatzea. Hondamendien ondorioak leuntzeko erabakiak hurbileko erakundeen esku ere badaude, ordea. Suteak errazten dituzten landaketak debekatzea edo ibaien ibilguetan zer eraiki den kontrolatzea. Seinale ona litzateke igogailuetako elkarrizketek bere horretan segitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.