mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Harrapari handien lehia

2022ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Jurassic Park sagaren sortzaileek hirugarren filma egin behar zutela erabaki zutenean, pentsatu zuten berriz ere aretoak betetzeko eta milioiak eta milioiak irabazteko, ez zutela aski aitzineko bi pelikuletako harrapari handiarekin, Tiranosaurus Rexarekin. Horregatik, paleontologoen artxiboetan arakatu, eta harrapatu zuten T-Rexa baino are munstro handiago bat: Spinosaurusa. Eta hori bakarrik ez, eszena batean T-Rexaren aurka borrokan paratu zuten, dinosaurozaleen gozamenerako.

Naturan nagusi den joeraren arabera, ordea, espezie ezberdinetako bi harrapari handik elkar topo egiten dutenean, buruz buruko borroka saihestu ohi dute, kalkulatzen dutelako irabazteko gutxi eta galtzeko anitz dutela. Horretan oinarritu zen AEBen eta Sobietar Batasunaren arteko MAD Elkar Suntsiketa Ziurtatua doktrina: gerra nuklear bat hasiz gero biak galtzaile izanen zirenez, horrek berak eragozten zuen gerra. Hortaz, orain, pentsatu beharko da Txinak eta AEBek Taiwanen inguruan duten giro gaiztotua arerioa izutzeko itxurakeria baino ez dela; tigrea orroka eta hartza parean, bi hanken gainean luzatuta.

Hala ere, Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak aste honetan bertan adierazpen etsitu batean erran du «gizateria suntsipen nuklearretik kalkulu akats soil batera» dagoela, tentsio geopolitikoen ondorioz. Guterresek, hortaz, ohartarazi du probabletzat jotzen ez dena posiblea dela, Jurassic Park 3-ko gidoilariek pentsatu zuten bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.