mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Nazioez ez hain gaindi

2022ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Europako Banku Zentralak jakinarazi du jakinaraztea espero zen mugimendua, interes tasak igotzea, baina espero zen baino igoera handiagoa egin du: %0,5ekoa.

Europako Batasunaren proiektuan nazio estatuek nazioz gaindiko egiturari egin dioten burujabetza kontzesiorik handienak izanen dira, segur aski, finantza eta diru politikak, justizia sistemaren hierarkiarekin batera. Baina horiek ere, salbuespenekin, eta kontuan izanda Europako Banku Zentralari, euroguneari eta bertzelako instituzioei izaera ematen dieten hitzarmenen jabeak nazio estatuak direla, eta EBko tribunalen erabakiak ere zalantzan paratu ohi dituztela estatu batek baino gehiagok; alegia, azken buruan, presio egiteko edo gibelera botatzeko ahalmena ez dagoela Bruselan, nazio estatu bakoitzaren hiriburuan, baizik —tamainak eta indarrak baldintzatuta, noski—.

Gainerako instituzio eta egitura partekatu guzietan nazio estatu bakoitzak argi markatzen du bere interesa komeni zaionean —Schengen eremua eta Bidasoa horren lekuko—. Europako Batzordeak mahai gainean utzi zuen eskaera herenegun, gas murrizketak agintzeko ahalmenak bereganatzea, estatuen arteko elkartasunari aipamen eginda. Espainiak agudo erantzun zuen ez zegoela horrekin ados. Euskal Herriko eta Kataluniako independentistek apuntatuko ahal zuten oharra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.