Garai bateko esamoldea erabilita, infernuko etsaiak dira agintean dauden askorentzat okupatutako gaztetxe autogestionatuak. Ezin dituzte jasan ez gazteen tipologia, ez jarduna, eta are gutxiago egitasmo berritzaileak aurrera eramateko daukaten ausardia eta irudimena.
Gainditu egiten ditu, eta gupidarik gabeko indarkeria erabiltzea da bururatzen zaien gauza bakarra. Hamarkadak daramatzate erantzun jokabide horrekin, tematuta, nahiz jakin horrela jardunda ere ez dutela lortuko bere buruaren jabe izan nahi duten gazte horiek atzera egitea. Ez dute lortu 1994an Iruñeko alde zaharrean Euskal Jai frontoia gaztetxea izateko okupatu zuten gazte haien seme-alabek Arrotxapeko eraikina ez okupatzea; ezta bilobek bide beretik jotzea ere. Badakite.
Eraikina okupatu duten auzoko herritarrekin lotura sendoak ehundu ohi dituzte gaztetxeek kasu askotan; auzoan erreferentzia bihurtzeraino. Antolatzen dituzten ekitaldiak, ikastaroak , festak...oso apreziatuak dira auzotarren artean, dinamismo horrek jeloskeria sendaezina sortzen die agintean dauden askori.
Arrotxapekoa, aurreko asko bezala, indarrez hutsarazi dute. Atzo emandako borra kolpe bakoitza beste gaztetxe bat zabaltzeko giltza izango da.

HIZPIDEAK
Euskal Jaikoen 'seme-alabak' Arrotxapean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu