Kontuz ibiltzeko esan alabari, etxetik atera aurretik; ez dadila kale ilunetatik ibili; beti esan diezaiola ondokoari nora doan, eta zer egitera. Ez dadila mozkortu, ez dadila bakarrik itzuli etxera. Horrela, beharbada, saihestuko ditu erasoak eta bortxaketak. Hori da segurtasun indarrek eta instituzioek zabaldu duten mezua. Horiek al dira, baina, emakumeek etxetik ateratzerakoan hartu behar dituzten neurriak? Eraman behar duten zama? Haiengan utzi behar al da gerta dakiekeenaren erantzukizuna, gertatutakoaren ardura haiena balitz bezala?
Noiz ikusiko dugu beste mezu hau zabaltzen: «Kontuz ibili, erasotzaile hori, etxetik ateratzen zarenean; ez zaitezela kale ilunetatik ibili; ez ezazula pentsa gaua zurea dela, ez da eta. Eta ez atera kalera, kaletarrokin batera ez baduzu ibili nahi, haien esparruak errespetatu nahi. Bestela, ondorio latzak izango dituzu. Jaiak ez baitira zuretzat eginak».
Baina bai, jaiak haienak dira. Erasotzaileentzat ez dago oharrik, bide orririk. Nonahi eta noranahi dabiltza, egunez egun, gauez gau, han eta hemen. Ikusi besterik ez dago Donostian 24 orduan egon diren eraso guztiak. Eta ez da jairik, Piratek esan bezala, %100en askatasuna bermatzen ez bada, leku guztietan.

HIZPIDEAK
Kontuz ibili, erasotzaile hori
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu