jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Elefantea

2019ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Ez da hain harrigarria FARCen barruan talde batek erabakitzea berriro armak hartzea, oihanera itzultzea eta borroka armatura bueltatzea. Bake prozesuaren balantzea egiten hasita, hitzarmena sinatu zutenetik ia hiru urtera eta gerrillariak eremu berezietan biltzen hasi zirenetik bi urtera, prozesua oso mantso baitoa. Gerrillari ohiak gizarteratzeko prozesuak hutsune asko ditu: pertsona eta eskualde bakoitzari egokitutako planak falta zaizkio, baliabideak ere bai... Egoera ikusita, gehienek beren kabuz moldatzea erabaki dute. Gainera, Kolonbiako Gobernuak ez du bermatzen gerrillari ohien segurtasuna. FARCek Kolonbiako hainbat lekutan utzitako hutsunea beste indar armatu batzuek hartu dute, eta gizarte mugimenduetako ordezkariak eta FARCeko gerrillari ohiak hiltzen ari dira, etenik gabe.

Kolonbiako Gobernuak FARCeko zenbait kidek armak berriro hartzea baliatuko du ahalik eta gutxien egiten jarraitzeko eta FARC alderdiko kideak kriminalizatzeko. Testuinguru horretan, nabarmentzekoa da FARC alderdiak, Rodrigo Londoño Timochenko buruzagiaren ahotan, bakearen alde adierazitako konpromisoa, zalantzarik gabea: «Gerrak bidea izateari utzi zion. Dena emango dugu bakearen eta justizia sozialaren alde». Gobernuari elefanteen erritmoan aritzea leporatu zion, eta laguntza eskatu zuen, baita nazioarteari ere. Kolonbiako elefanteari bultza egiteko garaia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.