mikel rodriguez
HIZPIDEAK

«Sakonki kezkatuta»

2021eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Israelek palestinarrei okupatutako lurretan kolono juduentzako bertze 3.000 etxebizitza eraikitzeko asmoa jakinarazi du, AEBetako Gobernuak aitzineko jakinarazpenekin «sakonki kezkatuta» zegoela erran eta gutxira. Diplomazian maiz erabiltzen den formulazioa da «sakonki kezkatuta» (deeply concerned, ingelesez). Normalki, agintariek hori erraten dutenean adierazi nahi du gertakaria zinez larria dela, baina formulazioa egin duenak ez duela deus berezirik egiteko asmorik.

Horregatik, «sakonki kezkatuta» horietako bat aditu orduko, etsipenaren eta parodiaren artean ibili ohi dira erreakzioak. EB Europako Batasuna da ekintzarik ezarako formulazio hori hagitz gogoko duen bertze eragile bat. Hainbertze erabiltzeagatik, Twitterren kontu bat ere sortu zioten, Is EU Concerned? (kezkatuta al dago EB?), eta nazioarteko gertakariei hor ematen die erantzuna: «Bai», «sakonki», «hagitz»...

Kezkak kezka, Israelek abiadura bizian jarraitzen du koloniak handitzen, okupazioa ekintza bururatuekin gauzatzen. Bi estatuen irtenbidea, nazioartean babes handiena duena, praktikan ezinezkoa bihurtzen ari da. Palestina historiko osoa estatu bakarrean bildu bai, baina palestinarrak eskubide osoko herritar gisa aitortzea ere ez du nahi. Bi alternatiba izugarri baino ez dizkie uzten horrek palestinarrei: apartheid batean bizi, edo haien etxeak okupatzaileei utzi eta milioika laguneko exodo bat egin. Nazioarteak, bitartean, «sakonki kezkatuta» segituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.