mikel p ansa
HIZPIDEAK

Umeak hiltzea

2022ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Gaza berriro suaren pean eta hilketen aterpe. Albisteari nondik begiratzen zaion, ondorioak guztiz diferenteak dira, gainera: Jihad Islamikoko buru bat hil du Israelek; bai, eta 5 urteko ume bat ere bai. Beste bat. Aspaldi esana dago Palestinako okupazioari eta Israelekin duen gerrari buruz esan litekeen guztia, eta aspaldi ikusia dago Israelek ez duela ezer konpontzeko asmorik, berdin dio nork agintzen duen gobernuan, eta berdin dio zeintzuek agintzen duten erresistentzia palestinarrean. Eta, bitartean, 5 urteko umeak hiltzen dira tiroen edo bonben pean.

«Eraso prebentibo» esan dio Israelgo Gobernuak. Alegia, Jihad Islamikoko kide bat atxilotu zutenez, talde horrek erantzun aurretik jo diola erasoa. Eta burugabekeria galanta ematen du horrek, Jihad Islamikoaren erantzuteko gogoa indartu baizik ez baitu egin —iragarri dute Tel Avivi eraso egingo diotela—. Eta Gaza beste gerra baten atarian ezarri dute horrela. «Eraso prebentibo» bitxia, gerra bat probokatu dezakeen hori. Baina beste batzuek ere erakutsi dute gurpil zoro batean sartu dela mundua: AEBak Txinari kilimak egiten dabiltza; Ukrainak eremu zibilak erabiltzen ditu defentsarako; Errusiak debekatutako armak darabiltza. Itxura du ondorioei buruz gero eta axola gutxiago dutela munduko agintariek eta haien beso militarrek. Eta sua piztea erraza da, baina nork itzaliko du gero? Eta 5 urteko zenbat haur hil behar dituzte aski dela konturatzeko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.