Amagoia Mujika Tolaretxipi.
HIZPIDEAK

Beste egun bat

2022ko abuztuaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Egeo itsasoan irauli da beste txalupa bat, eta dozenaka migratzaile irentsi ditu urak, erreskatatu dituzten 30 bidaiari inguruk azaldu dutenez. Atzokoa da gertaera, baina beste edozein egunetakoa izan liteke, euri tantak bezala erortzen dira-eta itsasora. Egun berean ohartarazi du Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak aurten uretatik erreskatatu eta artatu dituzten 570 migratzaileetatik gehienek salatu dutela legez kanpo itzularazi dituela Greziako Poliziak, baita tratu txarrak jasan dituztela ere. Turkiatik irten ziren guztiak, atzokoak bezala, Greziara iristeko asmoz, baina bidean Greziako Poliziak atzeman eta «jipoitu, indarrez miatu, lapurtu eta itsasoan abandonatu» zituen. Atzokoa da salaketa hori ere, baina beste edozein egunetakoa izan liteke; horren ohiko bilakatu dira gertaerok, inor gutxi asaldatzen dela.

Joan den uztailaren amaieran Der Spiegel eta Le Monde egunkariek kaleratu zuten OLAF Iruzurraren Aurka Borrokatzeko Europako Bulegoaren txostena, zeinak frogak ematen dituen Greziak legez kanpo itzularazi dituela migratzaileak, eta Frontex Migrazioa kontrolatzeko Europako agentziak babestu eta finantzatu dituela. Atenasek ukatu egin du salaketa, esanez nazioarteko legeak betez zaintzen dituela mugak. Europak ere ez du ezer esaten, haiek direlako lehen interesatuak Libiako mugara itzul ditzaten. Eta horrela egunak joan eta egunak etorri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.