Amagoia Mujika Tolaretxipi.
HIZPIDEAK

Borrokak

2019ko urriaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Egunean etapa bat, hogei bat kilometrokoa. Martxaren erdian dira pentsiodunak, Burgosen, Bilbotik Madrilera bidean. Ezintasunik ez, Espainiako hiriburura iristeko erregaia baitute: egunero jasotzen dituzten elkartasun keinuak. Eta irabaziko dutelako ziurtasuna, borroka martxa baino luzeagoa izango dela jakinda ere.

Bidaideen artean baitira 1992an Burdinaren Martxa egin zuten langile ohiak ere. Borroka hura eta haren balioa bere eginez atera dira Bilbotik. Duela 27 urte, bostehun kilometroko ibilaldiaren ondoren, Bizkaiko Labe Garaietako eta Asturiasko Ensidesako langileek ez zuten euren helburua bete, baina presio izugarria egin zuten, eta irakasgai asko eman zituzten: borrokak duintasuna dakarrela, borrokak memoria duela, eta elkartasun ariketa izugarria dela.

Burdinaren Martxa Madrilera heldu zen egun berean egokitu zen PSOEren mitin bat. Felipe Gonzalezek hamar urte zeramatzan gobernuan. Presidenteari gogorarazi zioten langile haietako askori esker zegoela gobernuan.

Orduan milaka lanpostu suntsitzea eragotzi nahi zuten, eta ez zuten lortu; orain pentsio duinak bermatu nahi dituzte, eta lortuko dituztela diote. Kanpainan direnekin egingo dute topo oraingoan ere, baita pentsiodunen mezuak bere egingo dituzten presidentegaiekin ere, baina borroka politikarien bidea baino luzeagoa dela gogoraraziko diete. Burdinaren borroka gogoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.