mikel p ansa
HIZPIDEAK

Ordua da

2019ko urriaren 31
00:00
Entzun
Klima hitzari aldamenean larrialdi hitza paratzeko argudioa indartzen duen beste ikerketa bat argitaratu da. Funtsean, azterketa horrek lagunduko du hobeto ulertzen nolako eragina izan dezakeen kostaldean itsasoaren maila igotzeak. Orain arteko lanetan ez baita planeta osoa behar bezala aztertu, eta, azterketaren egileen esanetan,NASAk orain arte erabilitako ereduak eskasak direlako. Hortaz, findu egin dituzte itsasoaren maila igotzeak zehazki zer eragin izan dezakeen aztertzeko parametroak eta modeloak. Horrek ez du esan nahi markatutako leku guztietaraino sartuko dela itsasoa. Baina ez da zalantzarik igo egingo dela; bat datoz aditu guztiak. XX. mendean 11 eta hamasei zentimetro artean igo zen itsasoaren maila; eta XXI. mendean beste 50 zentimetro igoko da gutxienez —baldin eta CO2 isuriak modu erradikalean mozten badira—; okerrenean, bi metro ere goratu daiteke.

Itsasoa hazteak ez du eragin bera izango leku guztietan; gehiago haziko da planetako eremu batzuetan, eta gutxiago beste batzuetan. Ez da kolpetik gertatuko —desastreren bat izan ezean—; pixkanaka nabarituko da. Eta hori da problema handietako bat: planetaren hondamenaren erritmoa eta pertsonen bizialdiaren erritmoa ez datozela bat. Horrelako albisteek aztoratu egiten dituzte batzuk, eta eta sinesgogortu beste batzuk. Baina ez da garaia ez aztoratzeko, ezta sinesgogor jokatzeko ere. Azterketa zorrotzak eta erabaki are zorrotzagoak hartzeko ordua da. Horretarako balio beharko lukete azterlan horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.