inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Mende laurden bat Hondarribian

2021eko irailaren 9a
00:00
Entzun
Eskopeta kolpeak, ukabilkadak, ostikoak, irainak... Irain erraietatik esanak. Hondarribiko Alardean irteten saiatu ziren emakumeek gorriak ikusi zituzten 1996ko irailaren 8 hartan. Han lanean aritu ziren kazetariek gertutik eta sinetsi ezinda ikusi zuten herritar batzuek besteei azaltzen zieten gorroto hura guztia. Irunen antzeko irudiak ikusi baziren ere, Hondarribiak gainditu egin zuen ondoko herrikoa. Orduan eta hurrengo urteotako alardeetan.

Izan zitekeen kazetaritzan landu izan diren iraganeko gertakarien efemerideetako bat, baina, tamalez, Hondarribikoa oraindik irekita dagoen zauri bat da. Alardean berdintasunez parte hartu nahi duten emakumeak baztertuta daude oraindik Bidasoko herri horretan. Ez dute pairatu behar izaten hasieran jasaten zuten beldur eta bortxa demasa hura, baina erroko arazo berean segitzen dute. Emakume izateagatik, baztertuta daude herriak duen festako ekitaldi nagusian.

Jakinekoa da erakundeek beste aldera begiratu dutela sarri, eta Hondarribiko Udalak konplizitatez ere jokatu duela alarde baztertzailearen sustatzaileekin. Atzo, Txomin Sagarzazu alkateak aitortu zuen gaur-gaurkoz ez duela irtenbiderik arazoarentzat. Mende laurden baten ondoren. Erraz esaten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.