inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Errusiako gasa eta Ukrainako iheslariak

2022ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Egunak elkartu zituen. Eta kasualitateak ere bai akaso. Nergroup enpresa taldearen eta ACEV Euskal-Eslaviar Kultur Elkartearen ekimenez antolatutako furgoneta karabanak ekarritako 26 iheslari ukrainar iritsi ziren Getxoko Ereaga hondartzara atzo arratsaldean. Kosice hiritik (Eslovakia) irten ziren asteburuan, gerratik ihesi. Zain zituzten harrera familiek etxea eta berotasuna eskaini zieten, enpatia eta gozotasuna, bihotza eta burua erbestean utzi behar izan dituztenei. Euskal Herria egunotan Ukrainako iheslariekin erakusten ari den elkartasun uholdearen tanta bat izan da hori.

Ia ordu berean, Bilboko itsasadarraren bestaldean, lehorreratu zen Nikolai Urvantsev errusiar gasontzia. Europako Batasunaren (EB) aurpegi bikoitza erakusten du horrek. Putinen gobernua gogor zigortu nahi dute EBko gobernuek, baina beren kontsumo energetikoa ez dute baldintzatu nahi. Kontraesan horretan harrapatuta daude. Benetakoa da Euskal Herriak ukrainarrei erakusten dien babesa. Zalantzazkoagoa da Bruselaren borondatea, Putinen ekonomiari kolpe gogorra eman baitiezaioke, eta ez baitio eman nahi. Gustuko ez badu ere, inportatutako gas metro kubo bakoitzak Ukrainan lehertzen ari diren bonbak finantzatzeko ere balio duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.